Gaur bertan Leintz Gatzagan, Abadiñon, Bilbon eta Arrasaten iragarri dituzte bertso saioak. Larunbatean Idiazabalen, Zestoan, Iturenen, Donostian, Oiartzunen eta Beran emanaldiak antolatu dituzte. Igandean Sartagudan beste bi emanaldi izango dira.
Santa Ageda bezperako eskeko saioez gain, bestelako hainbat saio izango dira asteburu honetan.
Gaurko lau saio daude iragarrita. Leintz Gatzagako Soran etxean bertso-afaria egingo dute Iker Zubeldia eta Sebastian Lizasorekin.
Abadiñon San Blas eguna ospatuko dute. Hori dela eta, ferialeku plazan bertso-saioa antolatu dute eguerdiko 12etan. Eñaut Uruburu, Garikoitz Sarriugarte eta Xabier Amurizak kantatuko dute bertan.
Bilbon Herri Literaturari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Euskaltzaindiaren egoitzan. Horren barruan, Ornitorrinkus ikuskizuna eskainiko dute iluntzeko 19etan. Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkizia ariko dira oholtza gainean.
Azkenik, Arrasateko Gesalibar auzoan jaiak ospatzen ari direla eta bertso-afaria antolatu dute iluntzeko 21etan.
Biharko ere bertso-saio bat baino gehiago dago iragarrita. Idiazabalen San Blas jaiak ospatzen ari dira, eta tartean bertsoak ere izango du bere lekua. Eguerdiko 12etan Iker Zubeldia eta Amets Arzallusek saio bat egingo dute herriko plazan. Ondoren, eguerdiko 14etan, bertso-bazkaria hasiko da Pilarrenean.
Zestoako Gure Txokoa elkartean bertso-afaria antolatu dute Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin.
Donostiako Egia auzoko Arrano elkartean bertso-bazkaria antolatu du Bilgune feministak eguerdiko 14etarako. Amaia Agirre eta Onintza Enbeita dira bertan kantatzekoak.
Iturenen ihauteriak ospatzen ari dira egunotan eta 14:30etan bertso-bazkaria egingo dute Julio Soto eta Andoni Egañarekin.
Donostiako Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxean "Katillukadak" haurrentzako emanaldia izango da ikusgai arratsaldeko 18etan.
Oiartzunen, berriz, Karrika auzoko Artaso elkartean bertso-afaria egingo da iluntzeko 20:30etan. Julen Zelaieta eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan.
Bukatzeko, Berako Zubiondon bertso-afaria antolatu dute iluntzeko 21:30etarako. Julio Soto, Miren Amuriza eta Amets Arzallusek kantatuko dute bertan.
Igandean Sartagudan bi emanaldi antolatu dituzte Ibaialde ikastolaren 25. urteurrena ospatzeko. Bazkalondoan bertso-saioa egingo dute polikiroldegian. Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Aitzol Barandiaran eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan.
Ondoren, arratsaldeko 17etan "Bertsolari" filmaren emanaldia izango da kultur etxean.