EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean
Nerea Elustondo Plazaolak irabazi du lehen faseko azken saioa leporaino bete den Aguraingo Lezao kiroldegian. Tentsioari aurre egin eta saioari eusten asmatu dute Elustondok eta kantukideek. Gorka Pagonabarraga Agorria, Asier Azpiroz Iztueta, Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza eta Irantzu Idoate Funosas sailkatu dira legazpiarraren atzetik.

Igotz Alkorta Irastortza

Nerea Elustondo Plazaolak 25 urte daramatza Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, baina agurrean esan bezala, hortzak ez zaizkio kamustu. Areago, bertso forma bikainean dagoela erakutsi du Agurainen. Zortziko txikian Elustondok eta Irantzu Idoate Funosas-ek ondu duten ariketak eragin ditu barre algara gehien. Lehen aldiz hegazkina hartzen duten bi lagunen paperean jarri ditu gaiak, eta aireratu aurretik Elustondo ateoa errezatzen harrapatu du Idoatek. “Esku mugimenduak nolako ordena/egiten ari al zara azafatarena?” galdetu dio Idoatek, Elustondok erantzun: “hau milagro bat degu, ametsa alafede/gaur arte enekien errezatzen ere”. Elkar entzun eta erantzunez osatu dute ofizioa eta honela amaitu du legazpiarrak: “baina ospatuko det egitean landa/aita santuan gisan lurrai muin emanda”. Puntu erantzunetan ere zuzen eta egoki Elustondo, gutunak idazteaz. Bigarrena adibiderako: email batek ez dauka lilura berdina zion puntuak.“Falta baitzaio tinta, ta falta lurrina/hobe da egitea denok ahalegina/ erromantikoago izango bagina” legazpiarraren erantzuna. Ganbarakoan ere sinesgarri aritu da. Honela zion gaiak: orain arte lagun mintzat zeneukan. Badakizu aurrerantzean ez dela hala izango. Elustondok lagun min izatetik bikote harreman baterako trantsizioa irudikatu du bertsotan, hirugarrenean honela amaituz: “elkarrengana hurbildu ginen biok leun leun/sare indartsuagorik nolabait ahal leike ehun?/ nahiz ta elkar ezagutzen pasatu hainbeste egun/ inortxok ere ez daki non bukatu dezakegun/ orain artean ginenak bata bestearen lagun/ez dugu nahi bihurtzea bat bestearen alargun/ta gaizki irtetzen dela, nolabaitean demagun/bukatzen den bitartean elkar gozatu dezagun”. 695,5 puntu lortuta, Elustondok erakutsi du kontuan hartzeko izena izango dela finalerdietan ere.

Bi puntu terdi

Bigarrenetik laugarren sailkatura bi puntu terdiren aldea izan da. Gorka Pagonabarraga Agorria izan da bigarren 663rekin. Zortziko handian klima aldaketaz kezkatutako mendizaleen papera egokitu zaie Pagonabarraga eta Aissa Intxausti Aburruzari, etsita Intxausti, oraindik egoera alda daitekeelakoan Pagonabarraga. “Gorka naukazu ni esperantza gutxiko/mendiak bihurtu dira atrakzio turistiko” azpimarratu du Intxaustik. Azken bertsoan proposamena Pagonabarragak. “Ta igual eski estazioen boikot batzuk egin trebe/gure mendiak izan daitezen ondorengoentzat ere”. Gainontzeko ofizioetan erori gabe jardun eta puntu erantzunetan eta ganbaran koska bat egin du gora durangarraren bertso mailak. DBHko laugarren mailako ikasle baten paperean jarri da ganbarakoan, lagunak baztertu egin berri du. "Eta traidore bihur liteke lehenago zena sostengu/ instititutua horixe baita, oraindik ez gara heldu/ hau piramide sozial bat da hobe jakingo bagendu/ta goian egon gura duenak albokoa zapaltzen du”.

Asier Azpiroz Iztueta izan da hirugarren 661 puntu batuta. Behetik gorako saioa egin duela esan genezake, hamarreko txikian eta ganbaran entzun baitizkiogu alerik onenak. Hamarreko txikian 8 urteko semeak Espainiako selekzioko kamiseta bat eskatu dion gurasoaren paperean kantatu dute Azpirozek eta Pagonabarragak. “Kamiseta gorria ez da oparia/baizik faxismoaren Troiako zaldia” kantatu du ofizioko laugarren bertsoan Pagonabarragak, umorez erantzun dio Azpirozek: “baina gure semea goxatu gehiago/ hark zortzi urte dauzka, ni jakitun nago/ ta azaldu behar zaio pixkat sinpleago”. Dena den, zalantzarik gabe, ganbarakoan jo du goia Azpirozek. Institutuan hasi eta lehen egunean, baserritar izateagatik lagun batek iseka egin dion nerabe baten paperean kantatu du zubietarrak, lehenengoaren amaiera hau: “lehenengo eguna eta utzi nau nahikoa toki txarrean/noski gela den larrean/nabarmendu beharrean/usain txarra dudala esan du liderraren indarrean/ta bihotzean zasta sartu dit beste guztien aurrean”. Baserriko hiztegia ganbarara ekartzen bikain asmatu du ondorengo bi bertsoetan, bigarren adibiderako: Zasta lagunak sartzen badizu punta beti da zorrotza/baserritarra naiz ni jaiotzez, inguruan det gorotza/ besteekiko desberdina det ibilkera ta ahotsa/ besterentzat naiz arrotza/ neandertala ta motza/ gaztain xigortu bat naiz barrutik, kanpoan daukat morkotsa/ basurdearen gorputza daukat ta arkumearen bihotza”. Hirugarrenean honela amaitu du: “artalde baten gisakoa da gaur egungo gizartea/ ba artalde hontan zilegi bekit xaxardia izatea”. Xaxardia artaldetik kanpo ibiltzen den ardia da, eta sailetik kanpoko bertsoekin finalerdietarako urratsa egin du Azpirozek.

Agin Laburu Rezola ere finalerdietan da 660,5 puntu batuta. Sendo hasi du saioa Irantzu Idoaterekin zortziko handian, eta zortziko txikian eutsi ostean, puntu erantzunetan jo du goia. Umeen partidetan hamaika arazo zioen puntuak. Labururen erantzuna: Inutildu baigera hainbeste guraso/ egin behar litzake guregandik paso/ta hobeto irtengo litzake akaso”. Hamarreko txikian ere dendari paperean sinesgarri aritu da Elustondorekin. Ipar Euskal Herriko produktuak dendara ekartzeko bidalketa kostuak Europa iparraldekoen parekoak direla azpimarratu du gaiak. “Gure dendak ez dauka berez ezer txarrik/ez zaigu falta leka edo banabarrik/zaintzen degu nekazal lagun ta abarrik/ orain zerga kontutan aipatu beharrik/ muga ez da existitzen buruan bakarrik” kantatu du lehenengoan. Ganbarakoan Azpiroz eta Pagonabarragak bezala, lagun batek baztertu duen mutiko bat gorpuztu du, kasu honetan gizena dela eta futboletik baztertua. “Alde egin zak esan dit Jonek begietara begira/ aginte onduan arrimatzean tiranoana hori da/ alde egin zak esan dit Jonek begietara begira/ gaurtik aurrera jokatuko du bakoitzak bere partida” amaitu du bigarrena. Eta honela errematatu du: “beldur berriak loratu zaizkit futbol zelaitik kanpora/inork ez digu esplikatu ta agian komeniko da/ itxi gabeko zauriekin zer gerta liteken gerora”. Labururen Txapelketako partida ez da amaitu.

Intxausti eta Idoate

Aissa Intxausti Aburruzak saio erregularra ondu du 639,5 punturekin bostgarren sailkatuz. Puntu erantzunen ariketa adibiderako: Aguraingo festetan hamaika ekintza zioen lehen puntuak. “Festarik festa pasa ohi dugu bizitza/ batetik kontzertua zein bertsolaritza/ eta gaur hemen ere horretan gabiltza”. Dena den, agurrean aipatu duen dizdira hamarreko txikiko ariketan erakutsi du bereziki. Irantzu Idoate Funosasekin batera aritu da kantuan, honela zion gaiak: Irakasleak zarete. Biok biluzik agertzen zareten irudi bat zabaltzen ari da ikasleen artean, adimen artifizialarekin egina. Ez dutela zertaz lotsatu behar azpimarratu ostean, honakoa kantatu du bigarren bertsoaren amaieran: “baina bota dituzte mila disparate/ honek ireki ditu hemen hainbat ate/ gauza batzuk lantzeko balio dezake”.

Irantzun Idoate Funosas seigarren izan da Agurainen 605,5 punturekin. Ondo hasi da Hazparneko bertsolaria, zortziko handian Labururekin. Eskaladan goi mailara iritsi diren bi lagunen paperean jarri ditu gaiak, presioagatik Laburu uztea pentsatzen ari da. “Baina ospea ta gailurrera nagoenez iritsia/humanua da beldurra eta bertigua sentitzia” bota du lehen bertsoan Laburuk. Hau Idoateren erantzuna osorik: “Baina urteetan aitzinerantza egina dugu borroka/besteek jarri presioa ta adrenalinaren kontra/ nola nahi duzu soka askatu ta amildegira bota/ behin amestu den pareta horren azken puntara igota”. Honela borobildu du bertsoaldi hori: “noizbehinka behintzat elkar gaitezen denbora pasa bezela/ etzazun ahantzi behinola hontan plazer hartzen zenuela”. Aurrez aipatu bezala, zortziko txikian ere ondo jardun da Elustondorekin plaza irriz jarriz. Beraz, lehen txapelketan egiten dakienaren printzak utzita esan du agur Idoatek.

Agurainen amaitu da lehen fasea. Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Aguraingo bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritzia asteartean izango dituzue eskura Bertsoa.eus-en. Txapelketak eten bat egingo du orain, urriaren 24an finalerdiekin itzultzeko.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza