Gaur bertan bertso-afariak izango dira Arantzan, Deban, Legazpin eta Aretxabaletan. Horrez gain, Uharten, Bilbon eta Baionan ere bertsoari lotutako emanaldiak egingo dira. Bihar Azkoitian, Otxandion, Beasainen eta Sopelan egingo dira saioak. Igandean, berriz, bertso-gosaria egingo dute Donostian eta "Bertsolari" filma eskainiko dute Markina-Xemeinen.
Asteburu hotza iragarri duten arren, bertso bidez goxatzeko aukera izango da Euskal Herriko hainbat txokotan. Gaur bertan saio ugari daude iragarrita.
Arantzan urteroko bertso-afaria egingo dute Aterpen, Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazurekin.
Debako Txomin jatetxean ere bertso-afaria izango da Maialen Lujanbio eta Jon Maiarekin.
Legazpin iluntzeko 20:30etan hasiko da bertso-afaria, Aitxuri jatetxean. Legazpiko Bertso Olariak Elkartea da antolatzaile eta Julio Soto eta Amets Arzallus jardungo dira kantuan.
Orduerdi beranduago hasiko da Aretxabaletako Uratz-Alde elkarteko bertso-afaria. Igor Elortza eta Andoni Egañak kantatuko dute bertan.
Bestelako emanaldiak ere izango dira gaur. Xabier Silveirak aurkeztu berri du "A las nueve en el Faisán" liburua, eta aurkezpen bira batean murgilduta dabil, zenbait bertsolariren laguntzarekin. Gaur Uharteko Oiezki ostatuan egingo du saioa.
Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egiten ari diren Herri Literaturari buruzko jardunaldietan "Betibizi, zaharra berri" emanaldia eskainiko du Xabier Amuriza bertsolariak Kepa Junkera musikariaren laguntzarekin. Iluntzeko 19etan hasiko da saioa, eta Bizkaiko Kopla zaharrak kantatuko dituzte bertan.
Baionako L`Atalante zineman, berriz, "Bertsolari" filma eskainiko dute iluntzeko 20:45etan. Ondoren solasaldia egingo dute.
Bihar ere saio bat baino gehiago daude iragarrita. Azkoitiko Plaza Ondo Elkartean bertso-afaria antolatu dute Anjel Larrañaga eta Juan Mari Narbaizarekin.
Beasaingo Arrano elkartean ere bertso-afaria izango da iluntzeko 20:30etatik aurrera. Unai Iturriaga eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan.
Sopelako Sekeko Gaztetxean ere bertso-afaria egingo dute orduerdi beranduago. Peio Arondo eta Andoni Uriak kantatuko dute.
Azkenik, Otxandioko Mekoleta auzoan "Mende baten aldarriak" emankizuna eskainiko dute Jon Maiak eta Xabier Amurizak.
Igande goizean bertso-gosaria egingo dute Donostiako Barkaiztegi sagardotegian Sebastian Lizaso eta Millan Telleriarekin.
Bukatzeko, Markina-Xemeinen "Bertsolari" filma izango da ikusgai Uhagon Kultur Gunean iluntzeko 19etan. Andoni Egañak eta Asier Altunak parte hartuko dute ondorengo solasaldian.