Beranduegi saioko aurkezleak egongo dira platoan 2012-02-17
Manuel Lasarte omenduko du Hitzetik Hortzerak
Deban eta Beasainen egindako bertso-afariak, Donostiako Kafe Antzokian ospatutako bertso-saio musikatua eta Bilgune Feministak Donostian antolatu zuen bertso-bazkaria izango dira ikusgai aste honetan.
Joan zen asteburuan hil zen Manuel Lasarte bertsolari ezaguna. Hori dela eta, omenaldi bat eskainiko dio aste honetako Hitzetik Hortzera programak. Alde batetik, hiletan grabatutako irudiak eskainiko dituzte, eta baita bertara inguratu zirenen esanak ere. Bestetik, Lasarteren aukeratutako ale batzuk emango dituzte zuri-beltzean.
Platoan, berriz, "Argia"-ko komunikazio taldeak sareratzen duen Beranduegi saioko aurkezleak, Gorka Bereziartua Mitxelena eta Unai Brea Gonzalez egongo dira gonbidatu gisan. Umorez ariko dira umoreaz, euren lanaz eta bertsolaritzaz.
Aste honetan lau bertso-saiotako irudiak eskainiko ditu programak, eta bertso-afari eta bazkariak izango dira nagusi. Batetik, Deban Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok osatutako bertso-afariko une onenez gozatzeko aukera emango dute. Beasainen ere bertso-afaria egin zuten Iker Zubeldia eta Unai Iturriagarekin, eta hango bertsoaldi distiratsuenak ikusteko aukera izango da. Hirugarren saioa bertso-saio musikatu bat izango da, orain dela aste batzuk Donostiako Kafe Antzokian Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Beñat Gaztelumendi, Jokin Labayen eta Jon Martinek osatutakoa. Haritz Casabal aritu zen gai-jartzaile lanetan eta hango irudirik onenak emango ditu aste honetako programak. Bukatzeko, "bidalitakoak" atalean, Bilgune Feministak antolatuta Donostian egindako bertso-bazkari bateko irudiak emango ditu Hitzetik Hortzerak. Onintza Enbeita eta Amaia Agirre aritu ziren kantuan orduko hartan.
Astero bezala, larunbatez izango da programa ETB1ean, Gaur Egun albistegiaren ondoren. Nahi izanez gero aurretik ere ikusgai egongo da eitb.com/nahieran-en.