Umorez, lehenengo jardunaldia 2012-02-21

Ander Izagirre: "Genero ikuspegiarekin kazetaritza hobea egiten da"

Kazetari lanak egiteko genero ikuspegiak nola lagundu dion azaldu zuen hitzaldian, Boliviara egindako bi bidaia ardatz hartuta. Meatze inguruetan izan zen, eta lehenengo bidaian bertako langileen bizimodu gogorra agertu ondoren, bigarren bidaian emakumeek jasan beharreko biolentzia eta bazterketa azaldu zituen.
 Bidai-kazetaritzan aritzen da Ander Izagirre, eta leku askotan aritu izan da lanean. Dena den, azken aldian genero ikuspegia txertatu du bere lanean, eta horren berri eman zuen joan zen ostegunean Umorez jardunaldietako bigarren hitzaldian. "Betaurreko moreak jarri nituenean... kazetaritzatik esperientzia bat" izenburuko hitzaldia eskaini zuen, eta Boliviara egindako bi bidaiaren inguruan ardaztu zuen bere jarduna. Azaldu zuenez, formazio feminista sakonik jaso ez arren genero ikuspegia tresna moduan erabiltzen du bere lanean. Orain dela urte batzuetan gabezia bat nabaritzen zuen arlo horretan: ""Cuidadores de Mundos" liburuan ingurua zaintzen duten zenbait pertsonaren istorioak kontatu nituen. 25 lagun agertu nituen liburu horretan, baina bakarra zen emakumea. Hitzaldietan galdetzen zidaten horren inguruan, eta ez nuen zer azaldu jakiten, ezintasun bat neukan esplikatzeko, eta bururatzen zitzaidan bakarra zen ez nintzela aurkitzeko gai izan. Pentsatu nuen gizartearen isla zela: emakumeak etxean zeuden. Baina bigarren hipotesi bat ere egon zitekeen hemen: nire ikuspegi falta".

 Boliviara egindako bi bidaietan ere nabaritu du alde hori. Meatze inguruetara joan zen, eta hango lan-baldintza gogorrak landu zituen bereziki lehenengo bidaian. "Potosin emakumeak ez dira lanera sartzen, mitoen arabera harribitxiak ezkutatu egiten direlako. Gizonak oso gazterik hiltzen dira eta emakumeek bestelako betebeharrak izaten dituzte meatzeetatik kanpo. Han Abigail ezagutu nuen, kasu tipiko bat: meatzaria hiltzean familiak ez dauka dirurik pisua ordaintzeko eta mendiko egurrezko etxola batera joan zen han lan egitearen truke: aspaldi deskargatutako harri piletan mineralak bilatu mailu batekin. Dena den, gauetan galerietan sartzen zen. Bazekien aita hango gasek hil ziotela eta berari ere gerta zekiokeela, edo lurrera jausi zitekeela, bortxatua izan zitekeela..."

 Bigarren bidaiara beste zerbait egin asmotan joan eta etxeetako bizitza landu zuen bereziki. Bertako zenbait familiarekin aurretik konfiantza lortua zuenez haiengana jo zuen. Hala, etxe barruan meatzariek emakumeen kontra zerabilten biolentziaren berri eman zioten, hango emakumeen bizitza gogorra ezagutu zuen. "Biolentzia hau dena onartu egiten zuten eskandalurik gabe. Dena den, han dena ez da drama, ezin da kontua paternalismotik edo errukitik bakarrik landu: biktimak dira baina ez soilik biktima. Gauza asko egin dituzte, eta isiltasun edo inpunitate hori hausten ere saiatu dira. Langile sozialak ere emakumeak dira han (...) Nola liteke lehenengo bidaian hori ez ikustea, begirada hori ez edukitzea? Nire buruari generoaren inguruko oinarrizko galdera batzuk eginda soilik lortu daiteke hori. Boliviari buruz etxean neukan bibliografia guztian ez dago horren arrastorik, dena meatzarien bizitza gogorrari buruzkoa zen. Genero ikuspegiarekin kazetaritza hobea egiten da".

 Meatzeetako bizitzaz gain bestelako istoriorik ere kontatu izan du, hala ere. "Chaco eskualdeko emakume futbolari guaranien istorioa ere kontatu nuen. Pobreziaz gain emakumeei dagozkien bestelako sufrimenduak jasan behar izaten dituzte. Futbol txapelketetan hasi zirenean gizon asko kontra agertu ziren, biolentzia handiz. Baina pixkanaka hasi eta espazioa konkistatzea lortu zuten azkenean. Gaur egun igandeak beraienak dira, errespetu hori irabazi dute. Igandez, zenbait kasutan, haurrak gizonak zaintzen ditu zenbait kasutan. Kuriosoa da, dena den, Azkargorta entrenatzaile sartu zenean soilik lortu zutela oihartzuna. Beraiek kontatzen dutenez bazterketa hirukoitza jasaten dute: pobrea izatea, indigena izatea eta emakume izatea. Dena den Donosti Cupera joatea lortu zuten, eta han berdintasunez parte hartu nahi izan zuten. Komunitatean eredu bihurtzea lortu dute."

 Ander Izagirreren iritziz betaurreko moreak erabiltzea ez da espezializazio bat, ikuspegia aberastea da. "Egoera orokorra irakurtzen laguntzen du eta gauzak ikusteko modu osoago bat eskaintzen du".

 Hitzaldiaren zatirik handiena ikusgai dago Bertsoa.com-en. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri