Mari Luz Esteban: "Zer da euskal kultura 2012an? Emakumeei lekua egitea"
"Begirada feminista bat euskal kulturari: irakaspenak periferiatik" izeneko hitzaldia eskaini zuen ostegunean. Bost ardatzetan oinarritutako begirada bat eskaini zion euskal kulturari. Gaur egun paradoxak ikusten baditu ere, euskal kulturan kontzientzia feminista bat badagoelakoan dago.
Mari Luz Esteban antropologoak eskaini zuen aurtengo Umorez jardunaldietako lehenengo hitzaldia. Ostegunean izan zen hitzordua, Subijana Etxean. "Begirada feminista bat euskal kulturari: irakaspenak periferiatik" izenburuko hitzaldian euskal kulturaren inguruko irakurketa bat egiten saiatu zen, bi helbururekin: euskal kulturgintzan dabiltzan gizon-emakumeen arteko harremanak aztertzeko eta diagnostiko orokor bat egiteko baliagarri izan daitekeelako. Azaldu zuen bere irakurketa "partzialtzat" har dezakeela norbaitek, baina irakurketa guztiak direla partzialak. "Gizonez hitz egitea orokortzat hartzen da eta emakumeena partzialtzat, baina emakumeez ari garela kulturaz eta jendarteaz ere ari gara". Bere lana bilketa lan bat izan dela azaldu zuen.
Diagnostiko orokor bat egiten hasita, generoari dagokionez aldaketa "nabarmenak" izan direlakoan dago, baina distantzia beharko dela hemendik 20 bat urtetara zenbaterainoko eragingo duten jakiteko. Gainera, zenbait paradoxa ere ikusten ditu, alardeen auzia kasu.
Mari Luz Estebanek azaldu zuenez emakumeak beti izan dira euskal kulturgintzaren parte, "baina mutu geratu dira, aitortu gabe. Gehiago agertu dira laguntzaile, figurante, besteen zaintzaile bezala protagonista moduan baino. Ez dugu hori nahi askok, nahiz eta aldatzea ez den erraza. Beti ez gaituzte kontutan hartzen, gaur egun euskal kulturgintzaz hitz egiten denean feminismoa ez da hor sartzen; emakumeen gauzatzat hartzen dira. Gero eta oholtzako emakume gehiago daude, eta batzuk unibertsalak dira denok ordezkatzen gaituzten neurrian. Hor daude, adibidez, Maialen Lujanbio, Edurne Pasaban eta Ainhoa Arteta. Garrantzitsua da bai kolektiboan egiten dena eta baita izen propioena ere".
Gaur egun aldaketa gehien bertsolaritzan eta literaturan ikusten ditu, gero eta emakume gehiago sumatzen baititu bai sorkuntzan eta baita kritikan ere.
Bere irakurketa bost ardatzetan oinarritu zuen osteguneko hitzaldian:
Emakumeen gainikusezintasuna litzateke lehendabizikoa. Orokorrean hedabideek emakumeen lana ikusgai ez dutela jarri izan azaldu zuen, ikusezinak izan direla. "Baina kezkagarriagoa da aitorpen falta, gainikusezintasuna. Emakumeei gero eta gehiago egiten zaie aitorpen kolektiboa, baina izenik agertu gabe. Edo aitorpen "ñoñoa" egiten da, "Eskerrik asko andereño" ezagun hartan egin zen bezala. Paternalizazio modu bat da hori. Eta izen propio gutxi agertzen dira albistegietan ere. Arazoa da emakumeak agertzean emakume diren neurrian agertzen direla, paper zehatz batzuetan: zaintzaile, ama..."
Bigarren ardatza euskal mitologiaren ajeei lotuta egongo litzateke. Gaur egun Euskal Herriko antropologian antropologia feministari bere lekua onartzen zaio, "Teresa del Valleri esker bereziki". Baina "Matriarkatuaren mitoa" delakoarekin topo egin zuten ikertzaileek, eta horrek euskal emakume indartsu baten irudia sortu zuen, "kulturaren eta jendartearen zutabe gisa". Dena den, hizkuntzan eta herentzia sisteman aztarna batzuk nabaritu arren, matriarkatua benetan egon denik ezin omen da frogatu.
Mariren mitoa ere aipatu zuen Mari Luz Estebanek. Bere iritziz, irakurketa asko egin badira ere, Mari "errebeldearena" da interesgarria: "kanpotik datorren inposaketaren kontrako erreakzio bat da, desobedientzia, gizontasuna eta emakumetasuna uztartuta. Tradizio urratzaile bat da. Euskal mitologiak irakurketa ezberdinak onartzen ditu, eta hau ez da interesgarria soilik generoari begira, bestelako erronkei begira ere egin daitezke irakurketak euskal kulturari eta Euskal Herriari berari begira".
Hirugarren ardatzean dikotomien mugak eta esentzialismoen arriskuak kokatu zituen. Ideia batzuk deseraiki egin behar direlakoan dago, eta adibide moduan jarri zuen Jon Sarasuak bere garaian Aitaren Etxearen aurrean sortu zuen "Amaren sua"-ren ideia. "Orokorrean bereizi egiten dira: gizonarena arrazoia dela esaten da eta emakumeena emozioak. Baina emozioak kontrolatu egin behar dira eta, ondorioz, baita emakumeak ere. Poetikoa izan arren mugatzailea ere bada amaren suaren irudi hori, emakumeari ez diolako edonon egoten uzten. Irakurketa berriak egin behar dira".
Gizarte ideologiak berrikusi beharra ere azpimarratu zuen Villabonako hitzaldian. Hala, gaur egun gure burua oso aurreratutzat eduki arren paradoxak ere ikusten ditu, familia eta amatasunaren inguruko irudiak nagusiki. "Amatasunaren bertsio berrituak badaude, baina betikoa dago atzean. Amatasunaren ideologiaren kritika beharrezkoa da, horren gainean eraiki direlako transmisioaren eta suaren ideia horiek, eta emakumeentzat zama astunegia direlako".
Azkeneko ardatza zentroaren eta periferiaren inguruan kokatu zuen. "Botere-harremanez hitz egin behar da. Boterea ez dut bertikalki ulertzen, denok daukagu boterearekiko posizio aldakor bat. Zein da zentroa? Euskal kulturaren kasuan, orain arte, gizonak, bertsolaritza eta literatura, soziolinguistika, soziologia, Gipuzkoa... Periferian emakumeak, antzerkia, ikasketa feministak eta antropologia eta Bilbo Handia leudeke kasu horretan. Ni ere periferian nago. Nolakoa da bien arteko harremana? Euskal gizonak nola aldatu dira azken 20 urteotan feminismoaren eraginez? Gehiago arduratu izan gara emakumeez. Gizon idazleek ere jasan dute eragina. Nolakoak dira erdigunearen eta ertzen arteko harremanak? Zer ari da aldatzen?"
Behin irakurketa eginda estrategiaz hitz egiteko ordua iritsiko delakoan dago. "Hau aldatzeko eta euskal kulturaz jakiteko ikuspegi teoriko eta metodologiko berriak behar dira, eta feminismoa interesgarria da horretan. Gainera, emakumeei lekua egin behar zaie, eta horretarako gizonek isildu egin beharko dute, ez baitago leku eta denbora aski espazioa partekatzeko. Hiru baldintza behar dira honetarako: elkartasuna eta sareak (gutxitan integratzen gara, sare feminista paraleloak sortzen ditugu...); zer egin gizon "kuadrilekin" (zenbat emakumerentzako dago gaur egun lekua euskal kulturgintzan, literaturan...) eta autokritika: sortzaile izateko emakumeek ere bakardadea beharko dute, eta baita gizonen konplizitatea ere".
Hitzaldia bukatzeko galdera bat egin zien bertaratutakoei: "Zer da euskal kultura 2012an? Emakumeei lekua egitea".