Xilaba 2012-11-12

Amets Arzallus txapeldun, hirugarrenez

Odei Barrosorekin buruz burukoa jokatu ondoren nagusitu zen hendaiarra. Atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Sustrai Colina, Maddi Sarasua, Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua. Baionako Lauga gelan 2000 lagun inguru bildu ziren finala jarraitzeko.
 Joan zen larunbatean jokatu zen Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako (Xilaba) Txapelketako finala, Baionako Lauga gelan. Baionara jauzi egiteko apustua egin zuen Bertsularien Lagunak Elkarteak, Ipar Euskal Herriko Kostaldean euskarak kinka larria bizi arren, eta azkenean jendeak erantzun egin zuen, 1900 lagunek bertsoaren hiriburu bilakatu baitzuten Baiona larunbat arratsaldez. Bertsoa.com-ek zuzenean eman zuen saioa.

 Finalak bi fase izan zituen. Lehendabizikoan, sei bertsolariek osatutako ariketa puntuagarrien ondoren, honela gelditu zen sailkapena:

 1.- Amets Arzallusek    457,5 puntu
 2.- Odei Barrosok       449 puntu
 3.- Sustrai Colinak     448,5 puntu
 4.- Maddi Sarasuak      414 puntu
 5.- Eneritz Zabaletak   405,5 puntu
 6.- Xumai Muruak        387,5 puntu

 Ondoren iritsi zen buruz burukoa. Amets Arzallusek eta Odei Barrosok binaka aritu behar izan zuten sei puntuko motzean lehenik eta puntuka ondoren, eta kartzelan, bakarka gai bati hiruna bertso kantatuta osatu zuten finala. Buruz burukoan Ametsek aldea handitu egin zuen, eta, azkenean, 784 puntu lortuta gailendu zitzaion 761,5 eskuratu zituen Odeiri. Hendaiarrak Emile Larre euskaltzain, apaiz, idazle eta Herriako ohorezko zuzendariaren eskutik jantzi zuen txapela.

 Txapelaz gain 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko postuak ere izan zien jokoan Baionan. Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak, orain dela hiru urteko finalean aritu zirenez, ziurtatuta zeukaten txartela, baina beste hiru geratzen ziren banatzeko. Azkenean Odei Barroso, Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta izango dira, Amets eta Sustrairekin batera, Ipar Euskal Herriko ordezkariak Txapelketa Nagusian.

 Informazio gehiago nahi izanez gero sartu Xilaba.net web orrian. Gainera, Euskal Telebistak zuzenean eskaini zuen finala, eta bere grabazioa ikusgai dago hemen klik eginez gero.

Puntu erantzunak
2012-11-10 Baiona

Zortziko handia
2012-11-10 Baiona

Zortziko txikia
2012-11-10 Baiona

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa