Joan zen ostiralean jokatu zen lehenengo kanporaketa eta Gorka Maizek eta Aitor Urbietak egin zuten aurrera. Ostiral eta larunbat honetan jokatuko dira beste bi kanporaketak, iluntzeko 19:30etan, Errenteriako Xenpelar Etxean. Finala abenduaren 8an izango da, larunbatez.
Gazte sariketen artean entzutetsuenetako bat da Errenterian Xenpelar Bertso Eskolak eta Ereintza Elkarteak antolatzen duten Xenpelar Sariketa. Aurtengoan 21. edizioa bete du ekimenak, eta 18 bertsolari gazte ariko dira kantuan. Joan zen ostiralean jokatu zen lehendabiziko kanporaketa eta honela gelditu zen sailkapena:
1.- Ane Labakak 209,5 puntu
2.- Aitor Urbietak 200,5 puntu
3.- Gorka Maizek 197 puntu
4.- Haritz Casabalek 197 puntu
5.- Amaia Iturriotzek 191 puntu
6.- Maddi Ane Txoperenak 183,5 puntu
Gauzak honela, Ane Labakak eta Aitor Urbietak lortu zuten finalean kantatzeko txartela. Dena den, Ane Labakak kanpora joan behar duenez, Gorka Maiz ariko da bere lekuan.
Datozen bi kanporaketak asteburu honetan izango dira, ostiralez eta larunbatez, iluntzeko 19:30etan, Xenpelar Etxean. Ostiralean honako sei bertsolari hauek kantatuko dute:
Arrate Illaro
Asier Azpiroz
Iker Agirre
Iñaki Aleman
Maddi Sarasua
Peio Ormazabal
Larunbatean, berriz, honako hau izango da oholtzara igoko den seikotea:
Aimar Karrika
Ander Solozabal
Jone Uria
Manu Goiogana
Oier Aizpurua
Unai Gaztelumendi
Aurten ariketetan aldaketak izan dira, eta honako hau da kanporaketetan bertsolariek osatu beharreko lana:
-Ofiziotan, hiruna bertso neurri eta doinu librean
-Ofiziotan, hiruna bertso "Iparragirre abila dela" doinuan
-Binaka kopletan launa osatu arte
-Kartzelako lana: Bakarka, hiruna bertso zortziko handian
Kanporaketa bakoitzetik lehenengo bi sailkatuak pasako dira finalera. Azkeneko saioa abenduaren 8an izango da, larunbatez, Errenteria Hiria Kulturgunean arratsaldeko 18etan. Honako lan hau osatu beharko dute bertsolariek:
-Ofiziotan, hiruna bertso neurri eta doinu librean
-Ofiziotan, hiruna bertso neurri eta doinu librean
-Bakarka: bi punturi erantzun eta 9ko txikian hitza emanda bertso bat osatu
-Binaka puntutan, bakoitza hiru aldiz hasita
-Bakarka: Hiruna bertso zortziko handian
Behin lan hauek eginda, bi bertsolari puntuatuenak pasako dira buruz burukora. Honako ariketa hauek egin beharko dituzte bertan:
-Ofiziotan, hiruna bertso "Mañontzi" doinuan
-Kartzelako lana: Hiruna bertso doinu eta neurri librean
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.