Besteak beste, Lesakan Bortzirietako bertso eskolaren taldekako lehiaketa egingo dute. Santo Tomasak direla eta saioak izango dira Azpeitian, Donostian eta Arrasaten. Zumaian bertsolari gazteen urteroko saioa izango da.
Santo Tomasetan ohikoa izaten da bertsoak plazan bere lekua edukitzea, eta halaxe izango da aurten ere. Gaurko bi saio daude iragarrita: Azpeitian, plazan, 12:30etan izango da saioa Beñat Lizaso, Iñaki Murua, Amaia Agirre eta Millan Telleriarekin. Sebastian Lizaso izango dute gai-jartzaile.
Donostian, berriz, Bulebarreko kioskoan Alaia Martinek eta Sustrai Colinak egingo dute bertsotan ordu berean.
Bestalde, gaur hasiko da Bortzirietako bertso eskolaren taldekako lehiaketa. Sei talde ariko dira kantuan. Gaur iluntzeko 21etan egingo dute lehenengo kanporaketa Atxaspin. Bigarrena bihar eguerdian izango da Teleboten 13etan eta hirugarrena Arranon 16etan. Finalerdiak arratsaldeko 17:30etan Zialdon eta 19etan Haizeguan egin ondoren, Linddurrenborda sagardotegian izango da finala gaueko 20:30etan hasita.
Biharko saio ugari daude iragarrita. Mutrikun bertso-bazkaria izango da Txalaparta tabernan Jexux Mari Irazu eta Arkaitz Estiballesekin, eguerdiko 15etan hasita. Okelar bertso-paper lehiaketaren sari-banaketa ere egingo dute bertan.
Urnietan bertso-afaria izango da Elutxeta sagardotegian. Anjel Larrañaga eta Mañukorta ariko dira bertsotan urtero bezala.
Altsasun, Bertsoberriz kultur zikloaren baitan, Ioartia kultur etxean egingo dute saioa, iluntzeko 19etan. Eneko Lazkoz, Uxue Alberdi eta Jon Maia ariko dira bertsotan.
Altzon "Xalbador bat-bateko mirakulua" emanaldi berezia eskainiko du Xabier Amurizak udaletxeko ganbaran 19:30etan.
Arrasaten, berriz, Santamasetako bertso jaialdi entzutetsua iragarri dute biharko. Amaia antzokian izango da, 20:30etan. Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre eta Andoni Egaña dira bertsotan aritzekoak Josu Goikoetxearen gidaritzapean.
Zumaian ere klasiko bat: bertsolari gazteen saioa. Torreberri gaztetxean egingo dute aurten, gaueko 22etan. Aimar Karrika, Izar Mendiguren, Maialen Velarde, Xabi Igoa, Xabat Galletebeitia eta Maddi Sarasua jardungo dira kantari. Gaiak Zumaiako bertso-eskolak jarriko dizkie.
Igandean, bukatzeko, gabonetako bertso-saioa izango da Galdakaoko Torrezabal kultur etxean arratsaldeko 18:30etan. Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Maia, Unai Iturriaga, Anjel Mari Peñagarikano eta Alaia Martin ariko dira Arkaitz Estiballes gai-jartzaile dutela.