Bi larunbatetan banatuta, zortzi orduko tailerra eman dute Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik Ondarroan. Balorazio ona egin dute: "inork ez zekien bertsotan, gehiago zen bertsoarekiko begirada feminista lantzea eta hori estrapolatzea jendaurreko edozein egoeratara bakoitzak nahi duen esparruan erabili dezan".
"Bertso-eskola feminista" izenburuko tailerra eskeini dute Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik Ondarroan. Uxue Alberdik azaldu duenez, balorazioa ezinobea da: "Orain arte hitzaldi dezente eman izan ditugu bertsolaritza begirada feminista batetik analizatuz. Baina lehenengo aldia zen tailer moduan egiten genuena. Printzipioz bederatzi lagunek eman zuten izena baina asko "Andra Banda"-n zeudenez ezin izan zuten etorri eta azkenean bostek eman zuten izena eta Ainhoa eta nirekin zazpi. Zortzi ordu pasa ditugu bi larunbatetan, lau ordu eta lau ordu. Gazteenak 23 urte zeuzkan eta zaharrenak 70, beraz oso adin tarte zabala zen. Sekulako esperientzia izan da. Bi saioak banatu ditugu alderdi teorikoaren eta praktikoaren artean. Nahiz eta bertsolaritzatik abiatu bertsolaritza guretzat, ez dut esango aitzakia bat denik, baina oso kontziente ginen emakume horiek guk aipatutako gaiak beren bizitzetan nola bizi zituzten ez bakarrik hausnartzea nahi genuela, baizik eta guk ere jaso nahi genuela hori. Bertsoak ematen du aukera beste gauza asko lantzeko, eta adin eta ogibide ezberdinetako emakume horiek nola bizi duten jendaurrekotasuna, nola bizi duten umorea, nola bizi duten emakume bezala belaunaldien arteko harremana, feminismoarekiko harremana, herri ekimenetan nola mugitzen diren... Hori dena landu nahi genuen".
Bi larunbatetan banatuta Lau orduko bi saiotan banatu zuten tailerra, beraz: "Lehenengo egunean aurkezpen moduko bat egin genuen. Galdetu genien ea nola definituko luketen beren burua emakume bezala, eta hau oso interesgarria izan zen. Gero jolas batzuk egin genituen. Bata "Barometroa" deitzen dioguna da: baieztapen batzuk ematen dira, jartzen dira partehartzaile guztiak ilaran eta ados bazaude alde batera pausu bat eta ez bazaude bestera. Baieztapenak ziren "bertsolaria izateko grazia eduki behar da", edo "bertsolari izateko txapelketara aurkeztu behar da", edo "ahots sendoa eduki behar da" eta horrelako pila bat. Gero egin genuen beste jolas bat "Ane eta Julen" deitu geniona, eta orduan esaten genien Ane eta Julen bertsolariak direla eta bertso-saioa daukaten egunean egiten dituzten ekintzak esaten genizkien. Ekintzak esan eta burura zein etortzen zitzaien esan behar ziguten: Ane edo Julen. Bertsolari batek deitu dio besteari ea elkarrekin joango diren; nork hartu du kotxea; nor hurbildu da antolatzailearengana; nor hasi da kantuan... Eta ondoren atera zen horri buruz gogoeta egin genuen: ea beraiek bertsolaritza nola ikusten zuten lehen inoiz gogoetarik egin gabe eta ea hori egin ondoren zerbaitek arreta deitu zien. Beraien ondorioak gure esperientziarekin konparatu genituen ondoren. Batzutan ez zetozen bat. Adibidez esaten zuten herri batera iristean antolatzaileengana neska joango zela ardurak hartzen dituelako. Eta guk esaten genien ez dela ardura bakarrik izaten, autoritatea ere izaten dela eta bertsotan zerk ematen dizu autoritatea? Esperientziak batzutan, baina batzuetan guri kosta egiten zaigu autoritatea guregan hartzea, edo hartu arren antolatzailea zuzenean mutilarengana joaten da... Horretaz aritu ginen. Bukatzeko, beti ematen dugun hitzaldia eman genuen gorputz teoriko moduan.
Hurrengo egunean balorazio txiki bat egin genuen eta ea astebete horretan aurretik hitz egindakoa buruan eduki zuten eta zer pentsatu zuten galdetu genien. Gero aurreko ariketetan ateratako gaiak aletu egin genituen. Kartulina handi batzuk jarri genituen eta post-it batzuk eman genizkien. Bat zen "zertaz egiten dugu barre emakumeok" edo "belaunaldien arteko harremana". Beraiek etortzen zitzaizkien ideiak post-itetan apuntatzen joaten ziren eta hor kokatzen. Gai asko ziren: kontziliazioa, umorea, gorputza, gorputztasuna... Gero bereziki landu genuen bigarren saio honetan umorea Virginia Imazen artikulu batetik abiatuta. Bigarren zatian bertsoaldi batzuk analizatu genituen gaien aldetik eta hartutako jarreraren aldetik. Ikusi genuen nola inertziek askotan eraman egiten gaituzten; kontrako adibideak ere eman genizkien: nola tarteka estereotipotik ateratzeko ahalegina egiten duen bertsolari batek eta nola hori errazagoa den biak elkarlanean ari badira. Azkenean zortzi ordu izan ziren. Hamabi ordu izan balira lasaiago egingo genituen gauzak, baina guretzat hasiera izan da".
Jarraitzeko itxaropenetan Ondarroako esperientziak asebeteta, aurrerantzean ere tailerrarekin jarraitu nahiko luke Uxue Alberdik: "Ainhoak (Agirreazaldegik) eta biok txosten bat prestatu dugu oso gustura ibili garelako. Orain arte hitzaldiarekin aritu gara, baina halako talde txikietan sakonago lantzeko aukera ematen du honek, eta horregatik txosten bat prestatu eta berdintasun teknikarien artean banatzea pentsatu dugu. Bertso-eskola feminista deitzen zaio baina kontua ez da bertsotan ikastea; apuntatzen den taldearen arabera moldatzeko prest geundeke. Bertso-eskola bat balitz izango litzateke teoria hori dena praktikara eramatea. Ondarrun inork ez zekien bertsotan, gehiago zen bertsoarekiko begirada feminista lantzea eta hori estrapolatzea jendaurreko edozein egoeratara bakoitzak nahi duen esparruan erabili dezan. Kalea ere izan baitaiteke jendaurreko esparru bat".