Astigarragan Aitor Mendiluze eta Jon Maia aritu ziren Petritegi sagardotegian. Iruñean, berriz, Menorcako glosalariek Aimar Karrika eta Oskar Estangarekin egin zuten saioa.
Ostiral honetan bukatuko da Hitzetik Hortzeraren aurtengo denboraldia. Azaro bukaeran abiatu eta ekainera bitartean 40 bertso-saio grabatu ditu lantaldeak: jaialdiak, bertso-otorduak, plaza libreak, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Txapelketak... Tartean bertsoaren inguruko pertsona ugari elkarrizketatu dituzte. Aurten, berrikuntza bezala, platotik atera da Jon Artano bertsolaritzaren berezkotasunera gerturatu eta tokian tokiko istorioak biltzera. Ohiko programez gain beste bi atal berezi ere izan ditu aurtengoak: Joxe Agirreri eskainitakoa eta Andoni Egañak Txapelketa Nagusian egindakoa biltzen duena.
Astigarraga eta Iruñeko saioak Azkeneko programa ere kargatua dator. Alde batetik Astigarragako Petritegi sagardotegian Jon Maia eta Aitor Mendiluzek egindako saioa eskainiko dute. Afaritara joan aurretik, gainera, Jon Maiarekin izan zen Jon Artano Pasaian. Han ari dira San Juan baleontziaren berreraikitze-lanetan, Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan. Donostia 2016ren ikur izango da erreplika hau, eta Jon Maiak proiektuaren xehetasunak azalduko ditu. Horrez gain, "Partida Tristea Ternuarat" kopla sortatik abiatuta, euskal baleazaleen kulturaz ere ariko dira.
Iruñean, berriz, saio berezia izan zen. Menorcako glosalariak Euskal Herrian zehar ibili ziren joan zen astean, eta Iruñean ere izan ziren, Zaldiko Maldiko elkartean. Ainhoa Aranburu aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile lanetan, eta bi bertsolari ere atera ziren kantura: Aimar Karrika eta Oskar Estanga (gitarra eta guzti). Glosak inprobisatzen, berriz, Esteve Barcelo "Verderol" eta Joan Moll "Joanet" jardun ziren, Ismael Moll "Pele"-k gitarraz lagunduta. Marc Febrerek egin zituen itzultzaile lanak.
Aste honetan bi aldiz emango du programa ETB1ek: ostiralean iluntzeko 21etan eta igandean arratsaldeko 15etan.