Josu Oiartzabal “Xenpelar” eta Jon Gurrutxaga bikote azpeitiarra sailkatu zen lehen postuan pasa den ostiralean Elgoibarko gaztetxean jokatu zen lehen finalaurrekoan, eta honenbestez finalera zuzenean sailkatuak daude. Finalean lau bikote arituko dira. Gurrutxaga eta Xenpelarrez gain, Mutrikuko finalerdiaren irabazlea, eta beste bi bikote, puntuazioz sartuko dira.
Josu Oiartzabal “Xenpelar” eta Jon Gurrutxaga bikote azpeitiarra sailkatu zen lehen postuan pasa den ostiralean Elgoibarko gaztetxean jokatu zen lehen finalaurrekoan, eta honenbestez finalera zuzenean sailkatuak daude. Finalean lau bikote arituko dira. Gurrutxaga eta Xenpelarrez gain, Mutrikuko finalerdiaren irabazlea, eta beste bi bikote, puntuazioz sartuko dira.
Elgoibarren, Jon Gurrutxaga eta Josu Oiartzabalekin batean aritu ziren Inazio Vidal-Imanol Uria, Maddi Ane Txoperena-Paula Amilburu eta Aimar Goenaga-Jon Mikel Mugika. Mutrikun arituko diren lau bikoteak: Arrate Illaro-Peio Arondo, Ander Elortegi-Jon Arano, Txaber Ormazabal-Malen Amenabar ea Oihana Iguaran-Unai Mendizabal. Ostiralean, 22:00etan.
Elgoibarko saioaren kronikaMaialen Arnedok aurkeztu eta saioari ekin zioten zortziek, afari goxo baten ostean. Hasieran giroa hotz xamar zegoen arren, jendea hurbildu eta itxura polita hartu zuen saioak. Agurretan denak ere indartsu, eta bertsolarien partetik ez zen falta izan jandako lasañari erreferentziarik, gustukoa izan zen seinale.
Zortziko handiko lanekin ekin zitzaion saioari, eta maila ona erakutsi zuten, arrazoi egokiak botaz. Paula eta Gurru zalantzan zeuden aurtengo Trinitatetan kuadrillako afarira joan ala ez, eta diru falta zein lagunen faltsukeria aipatu zituzten, besteak beste. Inazio eta Jon Mikel berriz gaztetxera sartu ziren lapurretara, baina panorama ikusita ez ziruditen oso pozik. Aipagarria izan zen Jon Mikelek hamar euro utzi eta ospa egiteko proposatu zuen bertsoa.
Zortziko txikian bikote kontuak izan ziren nagusi. Maddi Ane eta Aimarek hirukote bat osatu nahi zuten sexurako, baina eztabaidan jardun ziren bi mutilekin ala bi neskarekin egin. Xenpelar eta Imanol berriz beren ezkontza egunean jarri zituzten, bata Manolo Escobar eta bestea Gozategi eskatuz Djari.
Kopletan ere bizi jardun zuten. Gero bakarkako lanen txanda iritsi zen, eta hemen Maddi Ane Txoperena eta Imanol Uriaren saioak izan ziren agian osoenak. Lehenak bertsolaritza gustatzen ez zitzaiola onartu behar zien lagunei, eta “inor ez da perfektua” esanez bukatu zuen. Imanolek berriz ibaitik lehenengoz ateratako ahatearen paperetik jardun zuen, eta ikusitakoa ikusita gehiago ez irtetea erabaki zuen
Horrela bukatu zituzten lehen zatiko lanak, eta epaileen zein publikoaren erabakiaren zain geratu ziren zortzi bertsolariak. Epaileen zenbakiek berdinketa eman zuten Maddi Ane-Paula eta Gurru-Xenpelar-en artean, bi bikoteak 194 puntu baitzituzten, baina bakarkako lanean puntuazio hobea lortuta lehenengoek egin zuten aurrera. Publikoak berriz Gurru eta Xenpelaren aldeko apustua egin zuen.
Hamarreko txikian saio polita osatu zuten Xenpelar eta Maddi Anek. Tabernan xirrika ibili ziren neska-mutilak ziren, oheratu eta mutilak segituan bukatu zuen, neska bero-bero utziz oraindik. Biek bota zituzten ale ederrak, bertakoen gozagarri. Ondoren, objektu bati bi bertso bota behar zizkioten. Paulari mailua egokitu zitzaion, eta borrokarako deia egin zuen. Gurruri berriz kleenex bat, eta orain gutxi istripuz hildako lagun bati kantatu zion barru-barrutik. Benetan ederra eta hunkigarria izan zen bere bigarren bertsoa, hasi eta bukatu bikain josiz eta bat baino gehiago emozionatzera iritsiz.
Horrela iritsi zen saioaren bukaera, eta Gurru eta Xenpelar suertatu ziren irabazle. Azken agurrak kantatzeaz bat asanbladako kide batzuek egindako sagardo botila bana jaso zuten guztiek oroigarri, eta txapeldunek ezti poto bat ere bai. Jendea gustura geratu zen oro har saioarekin, maila onean jardun baitziren guztiak, akatsen bat gora behera.