Joan zen larunbatean saio berezia egin zuten Donostian: zazpi bertsolari zazpi museotatik. Uxue Alberdi, Xabier Silveira, Arkaitz Estiballes, Ramuntxo Christy, Oihane Perea, Xan Alkhat eta Sustrai Colina aritu ziren kantuan Xabier Sukiaren esanetara.
Joan zen asteburuan "Olatu talka" izan zen Donostian, Donostia 2016-ren kanpainaren barruan. Gipuzkoako hiriburuko auzo eta txoko guztietan antolatu ziren kulturari lotutako ekintzak. Tartean, bertsoak presentzia nabarmena zeukan esperimentu bat: "Bertso Stream". Xabier Sukia aritu zen saioa aurkezten eta berak honela azaltzen du saioa: "Donostia 2016k eta Donostiako Museo Sareak antolatu zuten saioa; zazpi museo daude bertan. Beraien ideia zen museoan bertsolariak sartzea. Museo bakoitzean bertsolari bana egon zen eta teknikari esker elkarrekin komunikatu ziren eta emititu egin zen. Alegia, museo bakoitzeko bertsolariak gainerakoak ikusten zituen eta, gainera, internet bidez emititu zen saioa. Denok teknikari esker elkar entzun eta ikusten genuen".
Hala, Donostiako Aquariumetik aritu zen saioa aurkezten Sukia: "bertan geunden ni eta Uxue Alberdi. San Telmon Sustrai Colina zegoen; Ontzi Museoan Ramuntxo Christy; Artzai Onaren katedraleko museoan Xan Alkhat; Zientziaren Museoan Oihane Perea; Realaren museoan Arkaitz Estiballes eta Añorgako Rezola Museoan Xabier Silveira".
80-100 entzule Saioak ohikoa ez badirudi ere, bertsolariek ez zutela arazo handirik izan azaldu du Xabier Sukiak: ""lkar entzuten genuen eta elkar ikusten genuen. Komunikazio hori lortu zen; nik esaten nuen "altxa Razola museoko Xabier Silveira eta Ontzi Museoko Ramuntxo Christy" eta gaia jartzen nien. Nork hasi behar zuen ere zehazten nien. Ondo joan zen". Denera "80-100" entzule bertaratu ziren saioa jarraitzera, eta interneteko daturik ez dauka Xabier Sukiak: "Ez dakit zein izango den arrazoia, baina nik uste dut izan litekeela Olatu Talkan gauza pila bat zeudela antolatuta eta pentsatu nahi dut horregatik ez zela hainbeste jende joan. Baina, esaterako, Rezolako Museoa hain handia ez denez bete egin zen. Realaren Museoa ere ez da oso handia eta han ere badakit 15-20 lagun elkartu zirela. San Telmon ere 20 bat lagun bildu ziren, baina oso sala handia zen. Akuariumean oso jende gutxi egon zen eta oso handia da. Agian salek txikiagoak izan behar zuten".
Saioa berriz ere errepikatuko lukeela dio Sukiak, baina gauza batzuk aldatuta: "Bukaeran bertsolariekin hitz egiteko aukera izan nuen eta denetariko balorazioak entzun nituen. Arkaitz Estiballesek, adibidez, oso ondo pasa zuela zihoen; besteak kantuan aritu ziren bitartean hizketan aritu zela publikoarekin eta bere paperean sartu zela. Batzuentzat deserosoagoa izan zen, bertsolaria bakarrik egoten delako saio osoan eta ez daukalako gainerakoekin komunikaziorik, eta publikoarekin hitz egitea ere beti ez da posible. Orduan, nik egitekotan teknikari garrantzia gutxiago eman eta bertso-saioan jarriko nuke lehentasuna. Adibidez, zazpi museotan egin beharrean hirutan egingo nuke, baina agian hori ere gehiegi litzateke. Errepikatzekotan urruntasuna justifikatuagoa dagoen kasu batean errepikatuko nuke. Esate baterako, imaginatu herrialde ezberdinetako lekuetatik egiten dela. Horrek justifikatuko luke urruntasun hori. Baina azken finean esperimentu interesgarri bat izan zen; agian hurrengoan ere egin daiteke baina bertso-saio normal batean integratuta".
Saioa ikusgai dago
Youtuben. Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.