Uztailaren 3, 4 eta 5ean egingo dira Ahoa Bete Hots jardunaldiak
Aurtengoa laugarren edizioa izango da eta "Hitza Jolas" izango du izenburu. Hezkuntza arautu eta ez arautuan ahozkotasuna lantzeko erabil daitezkeen jolasez ariko dira.
Mintzola Ahozko Lantegiak laugarrenez antolatuko ditu aurten "Ahoa Bete Hots" jardunaldiak. Antzerkizale Elkarteko, Kantuzale Elkarteko, Bertsozale Elkarteko eta Ipuin Kontalarien taldeko kideek osatu dute aurtengo egitaraua. "Hitza Jolas" izango du izenburu eta ahozkotasuna lantzeko hezkuntza arautuan eta ez arautuan erabil daitezkeen jolasez ariko dira. Hala, ahozkotasuna gozamenetik nola landu azalduko dute.
Aurtengo jardunaldiak hezkuntza arautuan eta ez arautuan dabiltzan irakasleei zuzenduta egongo dira bereziki. Hala, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak eta euskaltegietan, udalekuetan, barnetegietan, antzerkian, bertso-eskoletan eta kantua zein ipuin kontaketa erakusten dituzten irakasleentzat egokiak izango dira. Dena den, antzerki, bertsolaritza, ipuingintza eta kantugintza interesatzen zaion edonorentzat ere egokiak izango dira.
Uztailaren 3tik 5era
Aurtengo jardunaldiek ere hiru egun izango dituzte. Hauxe egitaraua:
UZTAILAREN 3a, ASTEAZKENA -8:30-9:00 Harrera/karpeta banaketa -9:00-9:15 Sarrera -9:15-10:00 "Jolas-hitzak: Igarkizunetik iragarkizunera", Juan Kruz Igerabide (Euskal Herriko Unibertsitatea) -10:00-10:45 "Jolasaren hizkuntza eta hizkuntzaren jolasa", Jaime Altuna (Urtxintxa Aisialdi Eskola) -11:45-11:15 Atsedenaldia -11:15-12:15 "Kontaketaren erritmoan: jolasean elkarrekin" Performance komentatua, Pello Mari Añorga (Ipuin Kontalaria) -12:15-13:00 Mahai-ingurua: Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Mari Añorga, Karlos Aizpuruak (Mintzola) moderatuta
UZTAILAREN 4a, OSTEGUNA -9:00-9:15 Sarrera -9:15-10:15 "Hitza jostailu bertso-eskolan", Oihane Perea (Bertsolaritza irakaslea) -10:15-11:45 "Kantu jolasa: karaokeak prestatzen ikasteko tailerra", Gabi de la Maza (Lehen hezkuntzako irakaslea eta barnetegi zuzendaria. USB bat ekartzea komeni da) -11:45-12:15 Atsedenaldia -12:15-13:45 "Kantuan: gorputz eta arimarekin jolasean" tailerra, Oskar Estanga (Irakasle, kantaldi dinamizatzaile eta bertsolaria)
UZTAILAREN 5a, OSTIRALA (jantzi erosoak ekartzea komeni da) -9:00-9:15 Sarrera -9:15-11:15 "Jolasetik antzerkira" tailerra, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo (Dejabu Panpin Laborategia) -11:15-11:45 Atsedenaldia -11:45-13:45 "Joko eszenikoa" tailerra, Eñaut Gantxegi (Donostiako Arte Eszenikoen tailerreko irakaslea) Izen-emate epea zabalik ekainaren 25era arte
Jardunaldietan izena emateko epea bihartik ekainaren 25era bitartean egongo da zabalik. Horretarako bi aukera daude. Telefonoz egin daiteke honako zenbaki honetara hots eginez: (0034) 943 693870. Eta e-mailez ere bai, helbide honetan: www.mintzola.com. Matrikularen prezioei dagokienez, matrikula arrunta 70 eurokoa izango da baina Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin Kontalari edo Bertsozale Elkarteetako bazkideek eta Aitzondo Mankomunitateko herrietako biztanleek 45 eurotan eman ahal izango dute izena. Ikasle, langabetu eta erretiratuek, berriz, 40 eurotan. Matrikuletan beherapena dutenek egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hala ere.
Ikastaroan parte hartzeagatik Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek kreditu bana jasoko dute.