Sanferminak Lesakan 2013-07-09

Eguzki berotan egositako bertsoak

Oholtza eta eguzkia aurrez aurre zeuden Lesakan. Saioak aurrera egin ahala eguzkia ezkutatu eta giro ederra geratu zen kioskodun plazan. Xabier Silveira, Maialen Lujanbio, Arkaitz Estiballes, Sebastian Lizaso eta Eneko Fernandez aritu ziren kantuan. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak.
Urte asko ditu Lesakako bertso-jaialdiak. Sanfermin egunez herriko gazteek kiosko aurrean dantza egin ondoren, bertsolariak igotzen dira oholtzara. Herritar asko biltzen da plazan eta giro ederra izaten da.

Enkarguz hartuta-edo, eguraldi ona ere urterokoa. Eguzkiak bete-betean jotzen zien bai bertsolariei baita oholtzaren aurrean jarritako entzuleei ere, eta inor gutxi ausartu zen han esertzera. Aulkiak hartu eta itzalera, badaezpada.

Alaitz Rekondok aurkeztu zituen Bortzirietako bertso-eskolak jarritako gaiak. Bertsoan aritu ziren Xabier Silveira eta Eneko Fernandez herritarrak, Maialen Lujanbio, Arkaitz Estiballes eta Sebastian Lizasorekin.

Makal samar hasi ziren lanean, agian eguzkiaren berotasuna izango zen "txispa" faltaren eragile. Saioaren amaiera aldera ordea, goruntz egin zuten eta aipagarria Sebastian Lizasok jarritako puntuak erantzuten egindako lana. Udazkenean txapelketa hasiko dela-eta entrenatzaile-lanetan jarri zuen Alaitz Rekondok Sebastian. Gainontzeko bertsolariek froga gainditu zutela esan daiteke.

Silveirak saio polita egin zuen. Maialen Lujanbiorekin Tourra eta Sanferminak izan zituen hizpide. Sanferminetan geratzea erabaki eta ea hautu ona egin zuten baloratu zuten. Lizasorekin berriz, bi apaizen ahotik aritu ziren kantuan gaur egun gazteek erabiltzen duten arropaz edo hobe esanda, arropa-ezaz eztabaidatzen.

Maialen Lujanbiok jai-giroan gertatzen diren eraso matxisten inguruko hausnarketa egin zuen bertsotan.

Albiste gehiago

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu