BTN13. Azken kanporaketa Oionen 2013-10-24

Zer moduz daude bertsolariak?

Oionen abestuko duten sei bertsolariekin hitz egin du Felix Irazustabarrenak.
Lehen faseko azken saioak, larunbat arratsaldekoak, Oion izango du agertoki. Duela lau urteko finalistak kenduta, sei bertsolari bakarrik geratzen dira oholtzaratzeko. Horrek kezka gehiago ekar diezaieke partaideei, baina orokorrean ondo topatu ditugu.

Eneritz Zabaleta baionarra egunaren zain dago “Nahiko luze egiten da azkeneko saioa tokatu zaigula eta. Ikusten, entzuten dituzu besteak eta dagoeneko hasteko gogoz zaude. Ni bestela urduritasun txarrik gabe nago, nire helburua saioan jartzen dut” Lehen Txapelketa Nagusia du hau eta pozik da “Plaza berri bat deskubritzen dut eta bertan komodo kantatu nahi nuke. Dimentsioak ez nazala jan eta hortik aurrerakoa etorriko da”

Beste lapurtarrak ere Maddi Sarasuak lehenengoz kantatuko du Nagusian. Ez da harritzekoa, oraindik ez baititu hemezortzi urte bete. Bera da, nola ez, txapelketa honetako gazteena. Horrek sortzen dionaz mintzatu zaigu lehenik “ Kezka eta beldur pixka bat badut. Espero dut ez asko nabaritzea, berezi geratzea. Ni gogoz nago, probatzera noa eta ea esperientzi polita izaten den. Kezka guztien gainetik babesa handia ere nabari dut inguruan eta horrek indar asko ematen dit”

Eta Oionen kantatuko dutenen artean beteranoena Iratxe Ibarra da. Bosgarren txapelketa izango du hau, Maddi bezala oso gazterik sartu baitzen honetan eta hura jaiotzerako kantuan zegoen. Iratxe betiko antzean sentitzen da saioaren bezperatan “Betiko moduan, azken asteetan beti izaten dut tentsio puntu bat, eta halaxe nago” Helburua, noski, fase hau gainditzea du “Euskal Herrikoan ez dut emaitza onik izan orain arte eta ea bada oraingoan” Horretarako, besteek bezala, ikusten du non egon daitekeen aurrera pasatzeko puntuazio marra, baina ezin dio begiratu “Nik kalkuluak eta egiten ez dakit, eta ez dakit gainera nola egin, seguru joateko, arriskatzeko… Nik kantatzeko modua ez dut aldatuko. Ahalik eta ondoen egitera joango naiz, saio modura hartu eta haber zer ateratzen den”

 Gehiago, gutxiago, denek  jarraitu dute orain artekoa eta dastatu dute txapelketa giroa. Miren Amuriza horrek motibatzen du “Egon naiz beste saio batzuetan eta ikusi dut jendea ondo dagoela eta giroa bero dagoela. Ni gogotsu nago eta saio bero horietako baten partaide izateko ilusioarekin”  Bigarren txapelketa du Mirenek. Duela lau urtekoan oso zapore ona utzi zuen eta oraingoan ere helburu hori du. “Helburua aurrera pasatzea da. Duela lau urtekoan gauzak antza ondo egin nituen, baina orduan alde nuen sorpresa faktorea edo. Orain demostratu egin beharko dugu sorpresa baino zerbait gehiago garela.” Gorputzaldi ona du horretako “Imajinatzen dut denek bezala nagoela. Ni ere gogotsu, eta zain”

Manex Agirre ere zain dago eta ez daki nola aurkituko den “Ez da erraza erantzutea nola nagoen. Orain trankil sentitzen naiz. Gogoa badut, eta nire harridurarako eguna gerturatu ahala gero eta gogo handiagoa daukat. Hori ona dela uste dut, eta ni umiltasun osoarekin joango naiz, beste munduko helbururik gabe eta askotan errazena ez dena egitera; nire buruarekin gustura geratzea” Konpromisoa handia badela ere badaki “Nerbioak ere baditut baina inoiz ez bezala nago, beharbada Arabakoari helburu zehatzagoak jartzen dizkiodalako eta hemen uste dudalako galtzeko ez dudala ezer edo… Gogotsu joango naiz”

Etxahun Lekue da aipatzea falta zaiguna eta beronek nahiko trankil dagoela esan digu “Bueno oraintxe irratian entzun dut saioaren iragarkia eta tripak mugitu zaizkit pixka bat, baina ondo nago” Hirugarren aldia du hau eta beste bietan pasa du lehen faseko langa “Bai, bietan lehen faseko saioak onak egin ditut eta gero finalerdietan apur bat…, penaz geratu izan naiz . Gura nuke oraingoan ere pasa eta aurrekoak hobetzen saiatu”. Halere ez omen du helburu zehatzik jarri nahi “Exijentea naiz, baino neure buruarekin. Ahalik eta ondoen kantatu era nire mailatik ahalik eta gertuen egotea nahi nuke, txapelketako postuetan helburu bereizirik jarri barik”

Oiongo Arroyo I. pilotalekuan jokatuko da beraz, lehen faseko seigarren eta azken kanporaketa. Bertan osatuko da final-aurretan kantatuko dutenaren zerrenda.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri