"Final parekatua izango da" 2009-04-02

Oihane Perea: "Aske sentitzen naiz"

Arabako Txapelketako finalean ariko da Oihane Perea, datorren larunbatean. Gasteizko Printzipal Antzokian izango da saioa.
 Aramaioko finalaurrekoa irabazita sartu da Oihane Perea Arabako finalean. "Gustura aritu nintzen kantuan. Batzuetan, plazan besteekin nola zabiltzan ikusi arte ez duzu jakiten nola zauden. Ni gustura aurkitu nintzen, eta horrek konfiantza ematen dit". Txapelketatik kanpo egin dituen saioetan ere gustura sentitu omen da. "Sentsazioa daukat aske nabilela bertsotan. Ez daukat presiorik, ez dut txapela defendatu behar. Iaz, bai, presio gehiago neukan. Aurten sentsazio onak dauzkat, nire burua fresko ikusten dut bertsotan... Ez naiz txapelarekin gehiegi obsesionatzen. Gainera, bertsoa ekartzen ibili gabe etortzen zait. Ea larunbatean ere hala nagoen."

 Ariketei dagokienez, bakarkako lanari dio errespeturik handiena. "Listoia geroz eta altuago dago; lehen bertso luzeak kantatzen ziren, baina orain, luzeak ere edukiz ondo betetzen dira. Ni ez naiz neurri luzeen zalea, sei puntukoarekin nahikoa izaten dela iruditzen zait. Beste batzuk arriskatu egiten dute bakarka, eta hor egon daiteke finaleko gakoa. Ofiziokako lanei ez diet beldurrik, azkenean horiek baitira bertsoaren muina. Puntu erantzunarena, berriz, misterio bat da."

 Aurten finalean aritu diren sei bertsolariak finalista izanak dira lehenago ere. Horrek finala parekatuago egin dezakeela uste du Oihanek. "Finalerdietako puntuazioa ikusita ere parekatua dago. Hiru bertsolari sartu gara hiru punturen bueltan, eta gehiago ere izan gintezkeen. Edozeinek irabazi dezake. Azken lau urteotan jende ezberdina egon izan da lehen bi postuetan." Berak ez du faborito argirik behintzat. "Parte hartzen dudan aldetik nire buruaren aldeko apustua egin beharra daukat, baina polita litzateke atzetik datorren batek irabaztea ere".

 Txapelketako sorpresen artean bat aipatzen du Oihanek: Xabi Igoa. "16 urte dauzka, eta finalaurrekoetara sartu eta saio ona egin zuen. Berarekin kantatu nuen, eta plazer bat izan zen. Gauza ederra da bera gurekin batera aritzea."

 Bestalde, gaur gauean Arabako Finalistek bertso afari bat izango dute gaur, gaueko 21etan Gasteizko Kukubarre elkatean. "Asko laguntzen dute halakoek. Asko elkarrekin ez gara askotan ibiltzen, eta konfiantza hartzeko balioko du. Taldea mentalizatu egingo da, gainera. Ea ez den beranduegi bukatzen."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri