Argia Astekariaren eskutik 2014-02-06

'Bidea urratu duten bertsoak' emakumezko bertsolarien lehen bilduma

Emakumezko bertsolariek XIX. mende bukaeratik hona ondutako bertsoak argitaratu ditu Argia Astekariak liburuxka batean, 'Bidea urratu duten bertsoak'. Estitxu Eizagirrek ondu du lana. Liburuxka eskuragai laister www.argia.com gunean PDF formatuan. Kioskoan, Argia astekariarekin batean.
Emakumezko bertsolariek XIX. mende bukaeratik hona ondutako bertsoak argitaratu ditu Argia Astekariak liburuxka batean, Bidea urratu duten bertsoak. Ezagutzen den lehena, 1885ko da, eta ordutik gaur egunera bitarteko bertso bide urratzaileak jaso ditu Estitxu Eizagirrek. "Ezagutzak itzuliko ahal die dagokien lekua." dio egileak.  "Urratzaileak izatea", horixe dute hautatzerakoan egileak erabili duen irizpidea: ezagutzen diren lehen bertsoak direlako, 1918an herri bazkarian mahaira igota kantatu zituelako, jainkotzat zeukaten bertsolariari erantzun ziolako, txapelketan kantatutako lehen bertsoa izan zelako, txapeldunen agurrak direlako, gaiak taularatu dituztelako... Bertso jarriak dira nagusi –15 sorta, bat batekoak aldiz 8–, gaiak sakon lantzeko aukera ematen duten seinale. Eta poztu gaitu Argiako “Bertso Berriak” atalean bildumarako moduko sorta dexente aurkitu izanak."

Plazida Otañorenak lehenak
Plazida Otañoren bertsoek zabaltzen dute bidea urratutako bertsoen zerrrenda. Plazida Joxe Bernardoren alaba zen, eta Pello Mariren lehengusua. Aitari eta Txirritari botatako bertsoak dira, bat-bateko erantzunak biak. Joxepa Antoni Xenpelar, Joxepa Matea Zubeldia, Iñaxi Etxabe... eta gaur eguneraino sokan, 25 bertso sorta biltzen dira, bat-batekoak batzuk, jarriak, emanaldi berezietakoak, 2013ko txapelketakoak...

Bertsoen atzeko bertsolaria eta testuingurua
Bertsoen atzeko bertsolaria berreskuratzen eta testuingurua azaltzen ere azaltzen ditu testu laburren eta argazkien bidez. "Merezi du Joxepa Matea Zubeldia Elizegiren bizitza ezagutzea eta bere bertsoen bidez Hernanin emakumeek libratu zuten batailaren berri izatea. Edo Xenpelar bi bertsolariren izena dela ohartzea, Joxepa Aranberri Petrirena (1865ean jaioa) fabrikako langile eta bertsolaria izan baitzen."
Eizagirre bertsolari eta Argiako zuzendariaren esanetan, asko dira liburuetatik bazter utzi direnak –“emakume bertsolari gizatxar” edo “ondoko etxeko alabarekin aritzen zela bertsotan” gisako erreferentziak bai baina haien izenik eta bertsorik ageri ez delako "liburu sail aberatsenean"–. Bestalde, "zenbaten bertso jarriak erre ote dira?" galdetzen du egileak. "Ahoz aho transmititutako memoria kolektiboan ere apenas egin zaien lekurik. Liburuxka honek, bere xumean, beti izan direnaren lekukotasuna biltzea eta beren bizitza eta bertsoak ezagutaraztea du helburu."

Eguno egoerari orraze estua pasata minik handiena
Estitxu Eizagirrek egungo egoeraren gogoeta ere egiten du, "minik handiena bertsolari gehien dauden garai honi orraze estua pasatzeak eman digu. Aberatsa gaiez eta kopuruz, lehen kolpean. Ordea, bilaketa egiterakoan ohartzen da bat bakarkako lanak direla ia denak (nola bertso jarrietan halaxe plazakoetan). Egilearen hitzetan, banaka sartu dira emakumeak oholtzan eta bakarka landu dituzte lehenengoz hainbat gai. "Ezin dialektikarik, aniztasunik, kontraesanik erraz irudikatu". Plazako joera orokorraren ertzean, ikusten ditu elkarrekin landu izan diren hainbat emanaldi (Kabareta, Ez da kasualitatea...) eta ekintza (Azkizuko Topaketak, bertso eskola feminista...). Ekimen hauen berri ere bildu du Argiak. Bestalde, oholtzan dabiltzan emakumezkoak gazteak izanik, heldu aroko gaiak eta ikuspegiak oraindik irabazteko daudela dio.

Argiarekin batera liburuxa bera edo PDF bertsioa doan eskuragarri www.argia.com-en
'Bidea urratu duten bertsoak' Argia astekariarekin batean ez ezik, PDFn ere eskuragarri egongo da Argia.com webgunean.

Eskertza
Argia astekariko harpidedunek eta Interneteko laguntzaileek emandako babes ekonomikoari esker argitaratu du bilduma hau ere. Horiez gain, liburuxka honen laguntzaile dira Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundia eta Koldo Mitxelena Kulturunea.


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri