Zumaia 2014-02-11

Elkartasun bertsoak

Pasa den ostiralean bertso-jaialdia egin zuten Zumaian. Han izan ziren kantuan Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Maddi Gallastegik egin zituen gai-jartzaile lanak.
Elkartasun-jaialdia izan zen ostiralekoa. Zumaian gaztetxea behar eta herriko eraikin zahar bat okupatzeagatik auzitara bidali zituzten bi zumaiar gazte. Epaiketak eragindako gastuei aurre egiteko antolatu zuten saioa batik bat, baina bide batez bestelako elkartasuna eta babesa jaso zuten gazteek.

Saioa hasi baino ordu bete lehenago jendea ilaran zegoen kanpoaldean eta leporaino bete zen Aita Mari aretoa. Publiko gaztea, eta nabari zen hori giroan.

Maddi Gallastegik aurkeztu zuen jaialdia eta berarekin batera igo ziren oholtzara Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Jon Maia. Azken honek seinale zuen herrian ari zela kantuan. Behin baino gehiagotan eragin zituen entzuleen algarak bertako kontuez abestuta: zumaiarrak eta Zumaiako txokoak.

Elkartasun-jaialdia izan arren, saioa antolatzeko motiboak ez zuen gaietan eragin handiegirik izan. Saioaren amaierako kopla saioak agian gehiena; santaeskean aritu baitziren sei bertsolariak epaiketarako dirua atera asmoz.

Aktualitateak jarri zituen gai gehienak: nola ez, itsaso zakarra eta olatu erraldoiak , gaztetxeen egunerokoa edota Ukrainako egoera politikoa, besteak beste.

Baina hain ohikoak ez diren gaiak ere eman zituen Maddik. Horren adibide Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriagari jarri ziena. Tabernako barra ertzean goizeko ordu txikitan kokatu zituen bi bertsolariak. Gaia erraza ez izan arren ondo atera ziren atakatik.


Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»