Zestuan bota zuten bideoa - Berria.info 2009-04-25

Txistu eta txaloen dokumentua

Pio Caro Barojak 1967an TVErako zuzendutako 'Bersolaris, poetas populares vascos' dokumentala berreskuratu du Uztapide Gogoan elkarteak, Euskadiko Filmotekaren laguntzaz.
Zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat, ez, nik / txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet orainik». Xalbadorren bertso famatuaren azken bi puntuak dira, 1967an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatutakoak. Uztapide eta biak igaro ziren buruz buruko azken saiora, jendeak txistu egin zion Urepeleko (Nafarroa Beherea) bertsolariari, eta hark, dotorezia horrekin erantzunez, txistu zirenak txalo bilakatu zituen. Bertsolaritzaren historiara iragan den unea da. Orain irudietan ikusi ahal izango dena. Zestoako Uztapide Gogoan bertsozale elkarteak, Euskadiko Filmategiaren laguntzaz, Bersolaris, poetas populares vascos berreskuratu baitu, besteak beste final hartako irudiak biltzen dituen dokumentua.


Pio Caro Barojak zuzendu zuen dokumentala, eta TVE Espainiako telebista kateak eman zuen 1967ko ekainaren 11n, Fiesta izeneko programan. Egun horretan bertan jokatu zen Euskal Herriko VI. Bertsolari Txapelketako finala, Donostiako Anoeta pilotalekuan; Uztapidek hirugarren txapela irabazi zuenekoa, alegia. Xalbadorren bertsoa ez da entzuten -narratzailearen ahotsa sartzen baita-, baina bai txistuak eta txaloak jaso zitueneko uneak. Eta baita Xalbadorren beraren begirada atsekabetua ere.

Pio Caro Barojak bertsolaritzari sustraitik heldu nahi izan zion ordu erdi inguruko ikus-entzunezko erreportaje horretan, garaiko bertsozale, ikertzaile eta bertso munduaren inguruan mugitzen zirenen iritziak jasoz. Bertso final hartako irudiez gain, bertsolaritzaren ikuspegi zabalago bat ematen du dokumentalak: Fernando Amezketarrarekin hasi eta Xenpelarren, Bilintxen, Iparragirreren, Pello Errotaren eta Txirritaren aipamen bereziak egiten ditu, jaioterriak eta haien ibilbideak irudiekin lagunduta emanez. Omenaldi xume eta bitxia osatuz. Bitxia, batez ere, frankismoa indarrean zegoelako artean. Xabier Unanue Uztapide Gogoan elkarteko kideak Caro Barojarekin hitz egiteko aukera izan du oraintsu: «Caro Baroja 1966an hasi zen lanean TVEn, eta bertsolaritzaren inguruko dokumental bat egiteko enkargua egin ziotela esan zidan. Ez zidan beste motiborik azaldu». Dokumentala gaztelaniaz egina dago, eta elkarrizketatuak ere hala mintzo dira.

Aita Zabala hil berriaren ahotik, bertsolaritza definitzeko abiapuntuak entzun daitezke; Antonio Arruek, Fernando Artola Bordari-k eta Joan Mari Lekuonak, txapelketako epaimahaikide izanik, puntuatzerakoan bertsoa neurtzeko erabiltzen zituzten irizpideak azaltzen dituzte. Esaterako, epaitze lana «zaila eta borondate onenean egina» izaten dela aitortzen du Bordarik. Iñaki Eizmendi Basarri, berriz, ezagutu zituen bertsolariei buruz ari da, eta Kepa Enbeita Urretxindorra-ren aipamen berezia egiten du.

Kopia bakarra Zestoan

Urteetako bilaketaren emaitza izan da dokumentala topatzea. Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, «kalitate kaxkarreko kopia bat da». Kopia hori Zestoako Udalak hartu du jabetzan, eta «kultur erabilera» baino ez dio emango: «Jatorrizko negatiboa egon badagoen ere ez dakigu, baina gure ahaleginak orain horretan jarriko ditugu. Jadanik TVEko filmategiko arduradunekin harremanetan jarri gara. Negatibo hori topatuko bagenu, kopia bat atera eta Filmategian jarriko genuke, nahi duen hark ikus dezan. Topatuko ez bagenu, Zestoan dagoenaren kopia bat aterako genuke», azaldu du Arregik.

Dokumentu historiko moduan aparteko garrantzia du Caro Barojaren dokumentalak, bertsolaritzaren inguruko ikuspegi zabal samar bat ematen saiatzen delako eta 1967ko finala berezia izan zelako, hainbat arrazoi tarteko: Xalbadorren pasarte famatuaren finala izan zelako, Uztapidek hirugarren txapela jantzi zuelako -1962koa eta 1965koa ziren aurrekoak-, eta 1980ra bitartean beste txapelketarik jokatu ez zelako. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri