"Ofizioka ondo aritu ondoren behin baino gehiagotan atera izan naiz saiotik. Larunbatean kontzentratuta egoten saiatu nintzen".
Unai Gaztelumendi Añorgatarra da larunbatetik Hernandorena sariko txapelduna. Hiru urte beteko dira laster gazte mailako sariketetan parte hartzen hasi zenetik. Ordutik hona emaitza onak lortu izan ditu, baina hau du sariketetan lehenengo txapela: "Lasaitu handia emango dit. Sariketetan hasi nintzenetik hor egon naiz: Erniarraitzen eta Hernandorenan bigarren gelditu nintzen irabazleengandik puntu erdira, beste sariketetan ere finalean aritu naiz, Osinalden gustura aritu izan naiz... Eta urte hauetan lortu dudan sari bakarra Lizardiko bertso onenarena izan da. Ilusio handia neukan aurten Osinalderako, baina kanpoan gelditu nintzen, eta pena neukan. Nik uste dut zortea izan dela bi finalak egun berean izatea, ez baitut aukeratu beharrik izan. Gainera, Osinaldeko pena hori konpentsatu egin zidan larunbatekoak. Nire bertsolari karrerarentzat errekonozimendu bat da, 2005eko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketatik txapelik lortu gabe bainengoen".
Hernandorenako finalera "txapelaren bila" joan zela dio: "behin finalera iritsita...". Hernandorena sariko azkeneko ekitaldian irabazlearengandik puntu erdira gelditua zen. "Arantza hori banuen, eta kanporaketan, gainera, ez nintzen nahi bezala aritu. Hori arantzatxo bat gehiago zen. Publikoari erakutsi nahi nion balio nuela".
Unai Gaztelumendiren ezaugarririk nagusiena "txispa" dela diote askok, eta ofiziokako lanean erakusten da hori nagusiki. Hala ere, larunbateko saioan bakarka nabarmendu zen gehien. "2 puntu erantzunekin gustura gelditu nintzen. Hori da nire ariketa nire ustez, oso bat-batekoa da eta txispa eskatzen du. Gainera, bakarkakoan nire buruari exijitu egin nahi nion. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait ofizioka ondo aritu eta ondoren lasaitzea, Lizardin hala gertatu zitzaidan. Hernandorenan ofizioka gustura aritu nintzen, baina ez nuen saiotik alde egin. Besteei jarritako gaiekin ere bertsoak pentsatzen aritu nintzen".
Gutxitan izan du Ipar Euskal Herrian kantatzeko aukera, baina behin hara joanda ez omen zuen kezka berezirik izan. "Ez nuen gehiegi begiratu non nengoen. Kanporaketan bai, kanporaketan
kobertura hitza sartu nuen, eta konturatu nintzen jendeak ez zuela ulertu. Hortik aurrera urduri jarri nintzen eta euskara ahalik eta estandarrena egiten saiatu nintzen. Finalean sartuta denek ulertzeko moduan kantatzen ahalegindu nintzen, Espainiako erreferentziarik sartu gabe behintzat. Uste baino ohitura handiagoa daukagu erreferentzia hauek erabiltzeko. Euskara ere ulergarria egiten saiatu nintzen, baina nire
degu eta halakoak ere sartu nituen. Azken finean nik horrela hitz egiten dut."
Lehenengo postua lortuta, opari berezi bat jaso zuen Unaik: oilar bat. Etxeko oilategian omen dauka, "kukurrukuka".
Larunbatean honela gelditu zen sailkapena azkenean:
Unai Gaztelumendi 322 puntu
Patxi Iriart 321 puntu
Ekhi Erremundegi 299 puntu
Itsaso Paia 299 puntu
Oier Lakuntza 288 puntu
Ximun Cazaubon 283 puntu
Lehenengo lau sailkatuek sari berezia izan zuten. Unaik, esan bezala, oilarra jaso zuen; Patxik bildotsa; Ekhik txerrikumea eta Itsasok oiloa. Era honetan, 1948ko finalari omenaldi bat egin zitzaion.