"Hasieran beldurra ematen zidan puntu-erantzunarekin hasteak. Ondo atera zen. Hala ere, gusturen kopletan aritu nintzen."
Maddalen Arzallusek irabazi zuen larunbatean Osinalde sariketa, Gabirian. Saioa jokatu zenetik hiru egun igaro dira, eta sentsazio "onak" dauzkala dio: "saioan bertan ere gustura aritu nintzen. Egia da han giro oso ona egoten dela eta jende asko egoten dela. Saioan bertan sentsazio onekin gelditu nintzen eta geroztik ere hala nago."
Bertso-afari formatua edukitzen du Osinalde sariko finalak, eta jende ugari bildu ohi da bertara. Maddalenentzat lehendabiziko finala izan zen larunbatekoa, eta eskertu zuen giroa: "Beste sariketa batzuetan kantatu izan dut, baina hain plaza beroa... Bertsozaleak izaten dira beste sariketetan ere, baina antzematen da zein bertsozaleak diren hemen: ona eskertzen dute eta txarra botatzen duzunean ere, txarra bota duzula konturatu arren, txalo jotzen dute. Egia esan halako jendearen aurrean gustura kantatzen da. Ederra litzateke beste plazetan ere halako giroa egotea."
Gainerako finalistek ere lehenengo finala izan zuten Osinalden. Beraien artean "oso giro ona" izan zutela nabarmentzen du Maddalenek. "Gainera aipatu genuen saioa hasi aurretik bai denok genuela lehenengo aldia eta baita ere gipuzkoar bakarra zegoela. Agian lehenengo aldia izango zen. Afaritan ondo moldatu ginen. Egia da batzuk urduri zeudela eta beste batzuk ez hainbeste. Nik uste elkarren artean giro ona egoteak lagundu zuela saio ona (ez dakit ona atera zen) ateratzen. Denok lehenengo aldia genuen eta denok geneukan gogo hori."
Txikitatik nabarmendu izan da Maddalen txapelketetan. Eskolartekoan txapel bat baino gehiago lortua da, eta Iparraldeko Bertsolari txapelketan 4. postua eskuratu zuen. Lehian "gustura" aurkitzen dela dio: "Plazan ere gustura ibiltzen naiz, baina txapelketetan ere bai. Batzuetan izaten dira halako tripako min batzuk; pentsatzen ere hasten zara "nik ez dut kantatuko horrela egoteko", baina azkenean ni gustura aritzen naiz."
Larunbateko finala puntu-erantzunarekin hasi behar izan zuten bertsolariek, eta horrek "beldur pixka bat" ematen ziola aitortzen du. Dena den, "ondo atera zen". "Hala ere, gusturen kopletan aritu nintzen. Egia da koplatan trikitixarekin gustura aritzen zarela, baina gaizki ere atera daiteke. Guri ondo atera zitzaigun. Normalean bakarkakoa ez zait gustatzen, nahiago izaten dut ofizioka aritzea, eta ofizio bat aukeratzekotan hamarreko txikia aukeratuko nuke."
Behin finaleko lanak bukatuta, ez zuen oraindik bere burua txapeldun ikusten, ez baitzuen gainerakoen kartzelakoa entzun. "Pentsatzen nuen izan zitekeela, nire saioarekin gustura gelditu nintzen. Baina egia esanda ez nengoen "irabaziko ote dut, ez ote dut" pentsatzen."
Azkenean, ordea, hendaiarrarentzat izan zen txapela, Miren Amuriza, Mikel Artola, Arrate Illaro, Jone Uria eta Odei Barrosoren aurretik. Bertso onenaren saria Miren Amurizak jaso zuen. Publikoaren arabera, Mikel Artola izan zen kartzelako lanean bertsolaririk onena.