Estitxu Eizagirre - Garialea 2007-09-29

Txapelketako txupinazoaren kronika

 

Garialean argitaratua

Hernaniko saioa ikustera joan nintzen igandean, ez noski hotzean aukeratutako saiora, baina zoriz asteburuko saio borobilena izan omen zena tokatu zen. Hona egun horretako hainbat inpresio.
Etxetik abieran amak:
-Ez al dizu penarik ematen?
-Ez, ama, bi ordu bakarrik izango dira. Ziur lo egongo dela, bularra oraintxe eman diot, eta deskuidoan goseak negarrez hasten bada deituko didazue!
-Umea uzteak ez, neska, TXAPELKETAK!
Ederra izan da saio sarreran mundutxokoak topatu eta pardelez harago bizitza badela gogoratzea. 10 hilabete eta erdiren ondoren bi ordurako ni bakarrik eta pozik sentitzea!
Sartu gara aretora, eta zapla, txapelketa txapelketa dela! Biteri areto goxoan, publikoa ondokoari txorakeriak esaten ari den bitartean, harrizko sei aurpegi. Eta lehen gaia, Espainiako biran erori berri den liderrari itxarotearen aldekoa bata eta kontrakoa bestea. A eta B, alde eta kontra, txuri eta beltz, bizitzan transzendental ez zaizkigun gaietan muturreko jarreren eske.
Txapelketako bertsokera, arrazoien pixua, inoiz baino pixuago egiten da belarrira lehen aldiz, nahiz eta jakin gero eta pixu gehiago hartzen joango dela, ohituko garela horretara eta kasi bertsolariari “norkastunagoa” esijitzera iritsiko garela publikoa.
Eta benetako txapelketa, alegia, mugikorrez bati eta besteari pasako dioguna, emaitza, iritsi da, puntuaketena. Eta betikoa, orduan konturatzen da bat labanaren zorrotzaz. Eta ez saiatu justuago egiten absurdua dena: saio bakarrera beharrean bitara jokatuko balitz, edo gehiago pasatuko balira aurrera, edo epaile batek teknika eta besteak estiloa zein arrazoiketa puntuatuko balitu... Ez gaitezen engaina, txapelketa ez da inori aukera emateko, barietatea estimatzeko eta abar, hau egituraren helburua zortzi finalistek emango duten espektakulu handia prestatzeko tramitea da. Eta norberari dagokio egun horretako esperientziatik alde positiboak ateratzea, Joxe Urdangarinek azken agurrean egin zuen bezala: pasatzen banaiz poztu egingo naiz/ pasatze(n) ez banaiz lasaitu/ azken batean txapelketa honek/ bentajak bakarrik ditu.
 
Bizipoza transmititzen du
Uxue Alberdik jaso zituen puntu gehien. Bere bertsoen maila goratzen ez naiz hasiko, onena hurrengo saiora entzutera joatea duzu. Baina bertsolari batentzat doai handiagoa izan liteke transmititzen duena, bertsoaren teknizismo edo halako momentu konkretu batean halako ideia izateko gaitasuna baino. Eta Uxuek bizipoza transmititzen du. Saio osoan, bere bukaerak kantuan errepikatu zituen publikoak. Errepikatzeko moduko bukaerak ziren, baina ez hori bakarrik. Hain ondo kantatuta, eta horrelako ilusioarekin, kantatzeko gogoa, kantatzeko poza kutsatu zuela iruditu zitzaidan. Txapelketan bakarrik ez, plazako saioetan ere ateak zabal diezazkioke karisma horrek.
 
Txirrita bizi da, Norteko Ferrokarrilari jarritako bertsio berrian
Unai Agirre inoiz baino unaiago iruditu zitzaidan txapelketa honetan. Batzuk Asterix eta Obelix irakurtzen aritzen ginenean besteren bat Txirritaren bertsoak buruz ikasiz eta Joxe Lizasoren kantakera imitatuz dibertitzen zela dirudi. Gozamena izan zen bera aditzea, esateko modua, bertso erdiko perlak...
Bakarkako gaia Txirritak artzaina hil zuenari kantatutako doinuan egin zuen. Agian Txirritak hiltzailea negarrez jartzea lortu zuelako, doinuak bere karga badu. Baina bere pertsonaiari eman zion sinesgarritasuna nabarmendu daiteke.
Bakarka jartzen diren gai estilo bat da, bertsolariari istorio osoa asma dezan abiapuntua ematea. Dena uzten da zabal-zabal-zabal, eta “asmatu ipuin bat 3 hitz hauekin” eskolako ariketa ekartzen du gogora. Tren baten zain jarri zituzten igandean. Gaien berrikuntzen berrikuntzez, garai bateko “ama, ama da gaia”ra iristen ari gara. Baina alde txiki batekin. Denok diogu zer esan handia amari, edo amari buruz, edo ama gabeziaz... Baina zorionekoa eguneroko bizitzan hartzen duen tren bidaiak hiru bertso pisutsu betetzeko adina aportatzen diona. Orain, tranparekin, biharamunean, bat gogoratzen da Hendaiarakoaz, mugaren gorabeherak hizpide har daitezke horrela, eta abar. Baina gainerakoan, bertsolariak inbentatzera jo behar du, eta kantzerra ez duenak senarra du labanarekin atzetik, edo paperak falta ditu... Bai, egia da, denak dira gure herritarren egoerak, gertukoenak, solidarioak... Baina beste kontu bat da noraino asma dezakeen bertsolariak larru hauskor horietan sartzen. Eta publikoarentzako, garai batean diferentea zena (egunerokotik atera eta beste pertsonaia bat asmatzea), gaur kasi saturazio bihurtu da (aber zenbat desgrazia kabitzen diren hiru bertsotan), eta orain diferentea eguneroko zerbait kantatzen duena da.
Unaik paperik gabearen paperean kantatu zuen. Ados. Baina trenaren zain dagoenak bezala, zuzenean pentsamenduak kantatu zituen. Narratu gabe. “Ni Afrikan jaio nintzen eta 25 urterekin pateran pasa” azaldu gabe. Bigarren bertsoko bukaeran jakin genuen nor zen “beti ihesi ibiltzen gara / paperik ez daukagunak”. Uste dut bakarkako gaian istorioa ondo sortzearen klabeetako bat hau dela. Alegia, zenbatgarren pertsonan kontatzen den istorioa, eta nori ari zaion kontatzen. Trenaren zain, bere kolkorako ari denak, lehen pertsonan hitz egingo du, baina ez da hasiko ederki ezagutzen duen bere bizitza bere buruari esplikatzen. Zuzenean sentimenduak azalduko ditu edo arrazoitu, baina alferriko detailerik eman gabe. Dela bi Txapelketa Nagusi Maialenek brilante egindako bakarkakoak sortutako estiloa dela uste dut, narrazioarena, istorio oso bat sortzea eta bertso bisualak, detailez beteak egitea. Baina hark ondo egin zuena errepikatzen hastean, era horretako hankasartzeak egin izan direla esango nuke.
 
Txapelketako bertsokera
Unai Agirreren bertsokerak inbidia ederra eman zidan igandean. Txapelketarako prestatzen hastean era bateko bertsogintzara inguratzen saiatzen dira bertsolariak. Nahita edo nahigabe, txapelketan baloratzen diren piruetak egiten, sententzia koherenteak eta arrazoi potoloak, edo poesiara iritsi nahi duten metaforak, ntzitsu-ntzitsu-ntzitsu errimatzeko behartutako esaldiak...
Txapelketa eskola bat da. Eskola horretako ikasle onenek inbidia ematen dute. Baina beste eskola bat dutenek handiagoa, ez delako lezioa ondo ikasteko gaitasunaren inbidia, lezio bihurtu gabeko jakintza bat edukitzearena baizik. Agirreren bertsokera hura azaltzeko formula teorikorik edo inkluso hitzik ere ez dakit badagoen epai irizpideetan. “Hizkuntza aberatsa”, “esamolde ederrak”... “Bertzua hoi dek” izan liteke parera doakiona.
Badakit bertsoa zer den definitzea oso dela peligrosoa, badakit aberasgarri direla iturri askotatik edandako tragoak... Baina bertsoa berez genero bat dela ere egia da. Poesia da gauza bat, ipuina beste bat, eta bertsoa hirugarrena. Eta txapelketako kasuan esan liteke poesia dirudien bertso ipuin-eskemakoa baloratzen dela. Baina hori baloratzeko, noski, poesia eta ipuingintza ere ezagutu egin behar dira. Eta hala ere, poesian ondo geratzen direnak izan daitezke lekuz kanpokoak bertsotan, eta berdin ipuinen kasuan. Unairena poesia eta ipuin gutxiko bertsokera zelako gustatu zitzaidan agian, egun gutxi entzuten dena, bertsoa bere gordinean.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra