Larunbatean estreinatuko da Ostikalariak 2009-05-13

"Futbola, bertsoak eta musika uztartuko ditugu"

Julen Zelaieta, Julio Soto, Iñigo Ibarra eta Jon Elizetxek kantatuko dute, 7 musikariren laguntzaz. Tafallan izango da saioa.
 Larunbat honetan Ostikalariak ikuskizuna izango da Tafallan. Ikuskizun honetan, honako 7 bertsolari hauek kantatuko dute:

 Julen Zelaieta
 Julio Soto
 Iñigo Ibarra
 Jon Elizetxe

 Beraiekin batera, 7 musikari ariko dira. Saioaren gidaria, berriz, Fernando Anbustegi izango da. Julen Zelaietak azaldu duenez, "futbola eta bertsoak uztartzen ditugu, eta baita musika ere. Badaude bertsolariak, eta tartean daude Muthiko Alaiak fanfarreko musikari batzuk."

 Hala ere, musikak eta bertsoak ez dute beti pisu bera izango: "Baditugu zatiak. Batzuetan musikariek izango dute protagonismoa, besteetan bertsoak musikarekin... Denetik izango da. Egoera ezberdinak eszenaratuko ditugu horrela. Gainera, publikoak ere parte hartzen du. Kontua da saioa bat-batekoa izateko Fernandok trama gisako bat egin duela. Jendeak erabakiko du zein bidetatik joango den partidua edo ikuskizuna. Horretarako, kolore ezberdinetako paperak banatuko zaizkie, eta horiek altxata botoa emango dute. Guk ez dugu jakingo trama nolakoa izango den, bestela bat-batekotasunaren grazia galtzen baitu. Bukaeran beti librean aritzen gara. Jendearengana joan, eta zirikatuz, koplatan aritzen gara. Hor bai ikusten dela bat-batean ari garela. Guztira ordubete inguruko ikuskizuna da."

 2008ko urte hasieran hasi ziren ikuskizun hau prestatzen. Orduan, Julen Zelaieta, Julio Soto, Iñigo Ibarra eta Xabier Terrerosek ekin zioten lanari. Gerora, ordea, Jon Elizetxe sartu zen Terrerosen ordez. Oraingoz, bertsolariak finkoak izatea da asmoa. Musikariak, berriz, berdinak izan dira hasieratik.

 Parte-hartzaile guztiak nafarrak izan arrez, Julenek ez du aterik isten: "denak nafarrak gara, baina hala suertatu delako. Hala ere, ez diogu aterik itxiko Gipuzkoako bertsolari bati, adibidez. Lankurekin harremanetan jarri gara, eta erabaki dugu hilabetean gehienez bat egingo dugula, bestela ere badauzkagu gure konpromisoak eta. Oraingoz Nafarroan egin ditugu lehenengo biak, baina beste probintzietara ere zabalduko garela ematen du. Hendaiatik ere uste dut deiren bat badugula... "

 Larunbatekoa izango da bigarren emanaldia. Aurretik Iruñeako Txantrea auzoan egin zuten estreinaldia.

Albiste gehiago

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu