Xenpelar Dokumentazio Zentrotik 2017-02-10

Jon Azpillagaren bidea iruditan

Laurogeita bat urte eginda joan zaigu Jon Azpillaga, 1935ean jaio zen Pasaian. Urte t`erdirekin Berriatuara joan eta ondoren Mutrikun bizi izan zen. Bere bizitzaren pasarte batzuek biltzen dituen bideo bat osatu dugu.
 Bertsolari maitatua izan zen Jon Azpillaga. Joan zen astean hil zen, 81 urte zituela. Bere bizitzako pasarteak biltzen dituen bideo bat osatu dugu.

 Pasaia, Berriatua eta Mutriku

 Pasaian jaio arren oso gazterik joan zen Berriatuara bizitzera, urte t`erdi baino ez zeukala. Ondoren, 1960an, Mutrikura ezkondu zen. Pasaia, Berriatua eta Mutriku: hiru herri horietan osatu zen Jon Azpillagaren bizitza. Hiru herri horiei kantatzeko eskatu zion Unai Iturriagak Elorrion 2002ko ekainaren 15ean egindako saio batean. Hiru bertso eder kantatu zituen Jon Azpillagak.
    
 Santa Eskean hasia
   
 Lehenengo aldiz jendaurrean Santa Ageda Bezpera batean kopla-kantuan hasi zela kontatzen zuen Jon Azpillagak. 2000. urteko Hitzetik Hortzerako programa batean lau bertsolari beterano elkarrizketatu zituen Martin Aramendik: Manuel Sein "Xanpun", Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Jon Azpillaga bera. Bertan kontatu zuen nola hasi zen bertsotan.
   
 Lehenengo plaza Amoroton
   
 Lehenengo plaza Amoroton egin zuen Jon Azpillagak, beste Jon bat alboan zuela: Jon Mugartegi. Aurreko urtean, 1949an Basarri eta Uztapidek kantatu zuten plaza horretan, eta hortik aurrera beste bikote batek hartu zien lekua. Lehen aldi horretan txapela pasa eta 400 pezeta bildu omen zituzten (tailerrean eguneko 6 pezeta irabazten omen zituen orduan Azpillagak). Hamalau urte zituen orduan Jon Azpillagak. Berrogeita hamar urte beranduago berriro jarri zituzten bi bertsolariak balkoi berean, eta egun hartako irudiak ere bildu ditugu. Tartean, Jon Azpillagak berak bere emozioen berri ematen du.
   
 Uztapideren kantukide
   
 Bizaiko txapelketan hasi zen nabarmentzen, eta 1961ean txapeldun geratu zen. Bizkaitik ordea Txapelketa Nagusira egiten zuen salto eta horrela, 1960ko Txapleketa Nagusian hirugarren geratu zen. Emandako jauzi horren ondorio, hurrengo urtean saio asko egin zituen. Hirurogeita bost emanaldi kontatu zizkioten, horietako hirurogeita hiru Uztapiderekin. Uztapiderekin izandako ibileren berri ere kontatu zuen Hitzetik Hortzera programa batean.
   
 Frankismo garaian Jon Lopategiren lagun
   
 70eko hamarkadan, Jon Lopategirekin bikote eginez, herririk herri nabarmendu zen, mezu sozial eta politikoa zabalduz bertsotan. Frankismoaren azken urteak ziren,  eta ausardiaz eta berritasunez bete zituzten plaza asko. Garai haietako kontuak ere bildu ditugu bideoan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri