Soraluzen eta Elgoibarren jokatu ziren kanporaketak. Hodei Iruretagoienak Eneko Beretxinagarekin jokatu zuen buruz burukoa. Ander Elortegik, berriz, Unai Gaztelumendirekin. Gainerako bertsolariek puntuazioen zain egon beharko dute. Ekainaren 12an jokatuko da finala, Mutrikuko Gaztetxean.
Plazatik Gaztetxera sariketak bi finalista dauzka jadanik. Joan zen asteburuan jokatu ziren lehendabiziko kanporaketak.
Ostiralean Soraluzeko gaztetxean izan zen saioa. Honela gelditu ziren puntuazioak:
1.- Hodei Iruretagoiena 199,5 puntu
2.- Egoitz Alkorta 193,5 puntu
3.- Maialen Velarde 185,5 puntu
4.- Peru Vidal 181 puntu
5.- Eneko Beretxinaga 180 puntu
6.- Mikel Olaizola 170,5 puntu
Publikoak Eneko Beretxinaga aukeratu zuen. Honenbestez, Hodeik eta Enekok jokatu zuten buruz burukoa, hamarreko txikian ofizioka. Hodei Iruretagoiena nagusitu zen bertan, eta bera sailkatu zen finalera. Honako hau da antolatzaileen kronika:
"Bertsolariei dagokienez, txispa handirik gabe aritu zirela esan behar, tarteka ideia distiratsu eta erantzun dotoreak izan baziren ere. Ofiziokako lanetan aritu ziren egokien bertsolariak eta bertan Hodei Iruretagoiena Zarauztarra eta Eneko Beretxinaga herriko semea nabarmendu ziren, lehenengoa erantzuten erakutsi zuen bizitasunagatik eta bigarrena bere ideia originalak bertsotara modu dotorean eramateagatik. Aipagarria Egoitz Alkorta Mutrikuarrak erakutsi zuen erregulartasuna, bertsoak goitik behera ederki osatu zituen, baina ideia fresko falta nabaritu zitzaion. Bestetik, Maialen Velarde Zumaiarrak kantaera goxoa eta bertsotarako ahots polita dituela erakutsi zuen, entzulearen belarrien gozagarri. Azkenik, Peru Vidal eta Mikel Olaizola euren onenean aritu ez arren, entzulea harrapatzeko gaitasuna agerian utzi zuten."
Larunbatean, berriz, Elgoibarko gaztetxean jokatu zen bigarren kanporaketa. Ez zen entzule gehiegi bertaratu, eta saioa nahiko "hotz" joan zela argitu dute antolatzaileek. Honela gelditu ziren puntuazioak:
1.- Ander Elortegi 188 puntu
2.- Unai Gaztelumendi 194,5 puntu
3.- Eneritz Artetxe 186,5 puntu
4.- Itsaso Paia 180,5 puntu
5.- Aitor "Toko" 176 puntu
6.- Lander Ibarluzea 169,5 puntu
Epaileek Unai Gaztelumendiri eman zizkioten puntu gehien, eta Ander Elortegi aukeratu zuen publikoak. Bien artean jokatu zuten buruz burukoa. Hamarreko txikian berdinketa gertatu zen bien artean, eta koplatan beste saio bat egin behar izan zuten. Ariketa honetan Ander nagusitu zen, eta berak kantatuko du finalean. Honako hau da antolatzaileek egindako kronika:
"Saio osoan bertsolari aipagarriena Ander Elortegi izan zen. Ideia freskoenak izateaz gain, entzulegoarengana bera heldu zen egokien. Saio amaieran entzuleek beraien bozkekin demostratuko zuten hori. Gaueko ariketa onena, ordea, Unai Gaztelumendiren bakarkakoa izan genuen, ezbairik gabe, goitik behera ondo jozitako bi bertso eder bota zituen eta. Eneritz Artetxe eta Itsaso Paia antzeko ibili ziren, erregular baina, gehiegi, dizdiratu gabe. Aitor “toko”-k izan zuen ateraldi on bat edo beste, baina akats batzuk ere bai, eta esan behar Lander Ibarluzeak ez zuela bere gau onena izan, nahiz ezin dugun esan, gaizki ibili zenik ere."
Ostiral honetan jokatuko da azkeneko kanporaketa, Debako gaztetxean. Afaria 20:30etan hasiko da eta saioa, berriz, 22etan.
Finala EKAINAREN 12an jokatuko da, MUTRIKUKO GAZTETXEAN.