Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-12-12

Final handirako prest eta gogotsu

Zortzi protagonista nagusiak bertan zirela, eguerdian aurkeztu da Txapelketako Finala, BEC-en. 11:00etan hasiko da finala. Sebastian Lizaso jantzio dio txapeldunari txapela.

Zortzi finalistak beren onena emateko gogoz, ilusioz eta zentratuta daude igandeko finalari begira. Amets Arzallus finalean sartuko da txapelketako trenera, besteak bidea eginda datoz. Ondo prestatuta eta fresko iritsi diren sentsazioa dute. Gehienen ahotan, hautagai nagusiak Arzallus eta Lujanbio izan litezke, baina, era berean badute sentsazioa gehiago sartzen direla garbi txapelerako lehian. Adinari dagokionez inoizko finalik zaharrena izango da eta final asko metatua dituen taldea: Lujanbiok seigarrena du, bosgarrena Mendiluze eta Colinak, laugarrena Elortzak eta Arzallusek, hirugarrena Sarriegik eta bigarrena Gaztelumendik. Unai Agirre da finalista berria. Palmaresari begira, zortzikotean Euskal Herriko txapela jantzi duten bi: Lujanbio (2009) eta Arzallus (2013). Eta, Podiuma zapaldu duten beste bi: Aitor Mendiluze (2001) eta Igor Elortza (2013). Bide luzeko zortzikote horretan, agurra iragarri duenik ere bada. Aitor Sarriegik esana du bere azken txapelketa izango dela. Beste batzuk, hori esan gabe, iradoki egin dute aukera hori ere hor dagoela.

Txapela, Sebastian Lizasok
Sebastian Lizasok izango du aurtengoan txapeldunari txapela jartzeko ohorea. Bertozale Elkarteak Sebastianen ibilbidea ez ezik bere aita Joxe Lizaso zena ere omendu nahi izan du izendapen honekin. Hain zuzen ere, Joxe Lizasoren errautsak zabalduta dauden lekuan jakinarazi zion Iñaki Muruak Sebastian Lizasori txapela jarriko zuela. Sebastianek eskerronez eta hunkituta hartu du bertsolari familiari egindako ohore hori.

Bertsolariek egin beharreko lanak
Bertsolariek 24 bertso puntuagarri kantatuko dituzte goiz eta arratsalde, buruz burukoaren aurretik. Zortzi lan bakoitzak: bost ofizio eta hiru bakarkako, horietako bat puntu erantzunak. Aurreko finalarekin alderatuta, sei puntukoa eta hamarreko txikia aldatu dira txandaz. Hamarreko txikia goizean izango da (aurrekoan arratsaldez zen) eta sei puntukoa arratsaldean. Buruz burukora pasatzen bi bertsolariek beste hiru lan egin beharko dituzte, 10na bertso. Zortziko handian, txikian eta bakarka. Tartean, bederatzikoa, hitza gaitzat emanda.

Goizean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoan

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.
  • Kartzelako lana:
    1. Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
    2. Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Goizeko 11:00etan hasita
Finala goizeko 11:00etan hasiko da 14:30ak aldera bukatzea aurreikusten da. Arratsaldean, 16:30etan egingo zaio bigarren txandari eta zortziak bueltan amaitu.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri