Efemeridea 2018-04-03
Bertsolaritzaren historian iltzatutako eguna da apirilaren 3a. Gaurko egunez, orain dela 25 urte hil zen Joxe Migel Iztueta "Lazkao Txiki" bertsolari maitatua.
Ibilbide oparoa plazan
1926an Lazkaomendiko Abaliñe baserrian jaiotako ume hark ibilbide oparoa osatu zuen plazarik plaza. 1942an egin zuen lehendabiziko plaza Legorretan, eta ordutik gelditu gabe aritu zen Euskal Herriko herri eta txokorik gehienetan, hil aurretxora arte.
Belaunaldi ezberdinetako bertsolariekin jardun zen kantuan, eta denen estimua irabazi zuen bere kantakera bereziak. Uztapide, Basarri, Zepai, Mitxelena, Xalbador, Lasarte eta Mattinen belaunaldiarekin hasi; Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Jose Luis Gorrotxategi eta Xabier Amurizaren belaunaldiarekin segi eta Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua, Xabier Euzkitze eta belaunaldi berriagoekin ere kantatu zuen lazkaotarrak.
Txapelketetan ere nabarmendua
Maila handiko bertsolaria zen Lazkao Txiki, eta plazako astez asteko jardunean bakarrik ez, txapelketetan ere nabarmendu zen. 1964an txapeldun geratu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta bigarren egin zuen 1962an. Bertsolari Txapelketa Nagusian, berriz, txapeldunorde geratu zen 1965ean eta laugarren egin zuen 1962an eta 1967an.
Umoretsua eta sentimenduz betea
Lazkao Txiki eta umorea elkarri lotuta agertu ohi dira askotan. Umorerako joera handia zuen Lazkao Txikik, eta algara eragiteko moduko bertso antologiko asko utzi zituen. Baina umorearen eta ironiaren azpian bestelako sentimendu eta minak ere ezkutatzen ziren, eta bertso sakonetan ere nabarmendu zen.
Belaunaldi berrietara iritsi da bere oihartzuna
1993ko urtarrilean kantatu zuen jendaurrean azkeneko aldiz. Bihotzeko gaitz batek jota, ebakuntza baterako anestesia jartzen ari zitzaion medikuari ohar hau egin zion: "zuk lokartu egingo nauzu, bai, baina gero nork jarriko dit iratzargailua?". Ez zen berriz esnatu, eta gaurko egunez hil zen Donostiako erietxean, duela 25 urte.
Dena den, euskal kulturan orokorrean eta bertsolaritzan bereziki, ezinbesteko erreferentea da Lazkao Txiki. Honen lekuko da, besteak beste, Juanba Berasategiren zuzendaritzapean sortutako marrazki bizidunetako "Lazkao Txiki" telesaila, geroztitako belaunaldietara iritsi dena.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24