Basarri Bertso Paper Sariketa 2018-09-04
Ibai Esoain bertsolariak poz handiz hartu Basarri Saria irabazi izana. Sigi-saga sortan, angula arrantzaren kontakizuna egiten du, pertsonaren barne motibazioetan barrena, beregan eragin handia izan zuen osaba Manuelengana hurbilduaz eta baita zenbait kritika eginez ere.
Anguletan ibiltzeko zaletasuna du bertsolari oriotarrak eta, hain zuzen, osaba Manuel zenarekin eman zituen lehen pausoak. "Sortaren arima hor dago" aitortu dio egileak Bertsoari: "ez dizu guztiz joaten utzi nahi/baya heltzen ari denak!" dio puntu batean.
Esoainen bertso bidean ere izan zuen osaba honek eraginik: haurra nintzela berarekin joan nintzen lehenengoz Belodromora Euskal Herriko finala ikustera".
Sortu ere, anguletan ari zela ernetako sorta da: "Pentsatzeko denbora asko izaten dugu ta..." bota du ironiaz.
Ibai Esoainek bat-bateko bertsogintzaz gain, bertso antzerkiaren eremua ere asko landu du Inaxito eta BertsolHaritza proiektuekin. Basarri Saria irabazita, sortak idazteko grina berritu egin zaio.
Izenburua: Sigi-saga
Egilea: Ibai Esoain Arruti
Doinua: 7 puntukoa (Neska zaharrak eta apaizak)
1-Afizioak izaten dira
Arimaren jarabeak
bakoitzak dauzka bereak
Nik maite ditut zira urdinak
Ta katiuska berdeak (bis)
Beiratzen ditut ilargi-aldiak
aztertzen ditut mareak
ur biziak ur bareak
Argi bat diz-diz eramaten det
zer ekarriko sareak
Txitxare batek mugitzen dizkit
sabeleko txitxareak. (bis)
2-Ahots zakarra ta esku finak
osaba Manuel zenak
gogoan dauzkat eszenak
“baya bat egin behar diagu"k
sortutako sentipenak (bis)
"erdoil gabea behar dik uztaiak,
arin xamarra kertenak"
Zure aholku-ordenak
baliatzen ta gordetzen ditut
denak ez bada gehienak...
Ez dizu guztiz joaten utzi nahi
Baya heltzen ari denak! (bis)
3-Pozoia sartu zitzaidanetik,
arrantzarako zirrara
Mermarik ez dauka hara!
ur azalari kilikilika
joaten zait negu bolada (bis)
Loari ordu lapurtzen nabil
bihotzkadaz bihotzkada,
lupitu egiten gara!
Askatasunak eramaten nau
herrio bazterretara
Ta angularik suertatzen bada
Tasun gabe askara (bis)
4-Zaparrada bat, hil betea ta
lagun baten abisua
hartzeko konpromisua
beti barruan eduki arren
huts egiteko izua. (bis)
Ezereza da porrota eta
gutxi ere berdintsua
kilo bat paradisua,
lekua non ta gramoak zenbat
gure borroka itsua!
Zeinek neurtzen du, nola neurtzen da,
Nigan daukazun pisua? (bis)
5-Argalxeago, gizenxeago,
edertasun bera bait du!
ilargiari bi aipu
ur korronteak urduritzen nau
ta izarpeak lasaitu (bis)
Loiak bi hankak sustraitzen dizkit
euriak hileak blaitu
baina ez nadin gogaitu
Chester bat piztu bayari heldu
eta lanean jarraitu,
Harrapakin ta harrapakari
tabakoak hilko gaitu! (bis)
6-Tximista argien desafioei
trumoi batek dardario
Gauari hotza dario
Nola angulak hala ni ere,
biok mukiak jario (bis)
segaren ordez baya hartuta
setati nabil herio
koxka jetxi koxka iyo
kosk egin nion amu hura det
afizio- kalbario
Baina sardexka Gaztelubiden
beste batek sartzen dio (bis)
7-Gauez. arrastan, zaldi-karreran,
Pelagikoaren pauta!
Ez polainean arraunka
Hegaluzeak amuka eta
Txitxardinak hamalauka (bis)
bazterrekoen penitentzia
motorzalearen mauka
indartuz doa arauka
Heltzen da gaua hasten da gerra
harriak tankeen aurka
Sareak libre dabilzkienak
Sarekadarik ez dauka! (bis)
8-Aingurak gora eta ingura,
Aingira behar zutenak!
Bistan daude erretenak!
Bazkari nola neurriak jarri
Bozkak behar dituenak (bis)
Analisiak, proposamenak,
ardurak ta ahalmenak
dira politikoenak
Nork eskuratu lizentziak ta
nori ukatu baimenak
Sigi-sagako errekak baina
erantzunkizun zuzenak! (bis)
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24