Basarri Bertso Paper Sariketa 2018-09-04
Behar haut, putakumea!
Neurria: Ikusten duzu goizean
Doinua: Berria
1-. Ametsen iraganean,
gorago ezin iganean,
aldiro trenpu onean.
Ohiz kanpoko zer atzemango,
beti begiak erne han.
Ezagutu nuenean
tximeletak barrenean;
zeru-muga helmenean.
2- Ene mutila, lehena,
menturaz -litekeena-
azkena izango dena.
Hark eraman nau maitasunaren
zirriztuetan barrena,
hari zor diot den-dena:
bidean galdu nuena
eta jada ez naizena.
3-. Koilaratxoa, kikara,
mus partidak...bi-bitara;
eskutik afaritara.
Zentzu guztiak hunkitzen dira
hasperenen argitara.
Pasiozko hotzikara
hain sentipen polita da...
itsu jo nuen nik hara.
4-.Gorputzak hustu berritan
gehiagoren egarritan,
gogoa larru-gorritan.
Baina, kolpetik, eten dorpe bat
neurrigabeko irrikan.
Etxerantzako karrikan
ukaldi bortitz bat tripan...
beharrik ez zen haurrik han.
5-. Bahitutako kurdua
kristal antxeko judua
zor denen pagaburua
Nire nor ahul denen baitako
etengabeko gudua
ukitu nuen zerua
eta galdu dut mundua
duintasuna, gudua.
6-. Ai, senar delako haina...
nola ez dit hartuko gaina?
Kaka zaharra da oraina!
Eraman ona beti izan da
gutxietsien dohaina.
Betondoko bat ordaina:
makilatzen naiz hor baina
sakonago dut orbaina.
7-. Neure izuek eskela
begi lausoz dakustela...
hau bizitzaren ospela!
Badakit ondo printze ustekoa
printza besterik ez dela;
sustrai gabeko ezpela,
hutsa, hutsala, ustela...
gizon ona da bestela.
8-. Atzarri goizean goizik,
egun batean poz-pozik,
hurrengoan gorpu kasik,
Oihal bat bezain zarratatua,
hosto bat bezain biluzik.
Ez naiz iragana baizik,
ja ez zait geratzen hatsik,
ez argirik, ez Parisik.
9-.Mantenduen abantailen
ondoreak dira zailen,
dena "bai!", dena "lehenbailehen!"
Urguilu eta ondrei aspaldi
belaunikatu nintzaien.
Menpekotasuna gailen;
belar txarrak zazpi aihen,
nik zortzigarrena nahien.
10-. Izter gaineko zumea,
sorbaldako beltzunea...
izuak begirunea.
Ekaitz ostean, fereka, muxu,
berba samurren unea,
oparien perfumea,
maitale-tratu xumea...
Behar haut, putakumea!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24