Hitzetik Hortzera telebista programa 2018-09-28

Hitzetik Hortzera berriaren estreinaldia, Donostian.

Hitzetik Hortzera berriaren estreinaldia, Donostian.
Bertsoak Donostiako txoko askotan entzun izan dira eta Eider Perezek txoko horietako batzuk erakutsiko dizkigu igandeko Hitzetik Hortzeran: Añorgako bertso-eskolan sartu, Antzoki Zaharrean bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” ezagutu, eta Trinitate plazako bertso-jaialdia eta Aieteko kantu jira erakutsiko dizkigu estreinako programan.

Añorgako bertso-eskola

Era askotara bizi daiteke bertsoa eta ari hari horri tiraka joango gara Añorgako bertso-eskolara. Eider Perez hango kideekin elkartuko da eta galdetuko die nola eta zergatik hurbildu ziren bertso-eskolara, zer ematen dien bertako kide izateak, eta ea bertso-eskolatik plazarako jauzia egin duten noizbait.

Amodiozko poesia landu zuen bertsolaria

Donostiako Antzoki Zaharrean bizi izan zen “Bilintx” ezizenez ezagutzen dugun Indalezio Bizkarrondo Ureña poeta eta bertsolaria. Hitz gordinez eta sentimendu handiz landu zuen amodiozko poesia. “Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe…” kantu ezaguna gogora ekarriko digu Perezek.

Donostia, bertsotarako gaia lehen saioan

Bertsorik ez da faltako denboraldi berriko estreinaldian eta Gipuzkoako hiriburuan ospatu diren bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu. Alde batetik, Euskal Jaietan Trinitate plazan egin zen saioko hautaketa zabala entzungo dugu. Unai Elizasuren agindutara kantuan aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. Bestalde, Aiete auzoan antolatutako kantu jiran bertsotan aritu ziren Alaia Martin eta Andoni Egaña. Hango bertsoaldiak ere ekarriko ditugu.

Igande bazkalostean ETB1en

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango dute aukera, EITBren Nahieran orrian.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu