Estitxu Arozena - Elkarrizketa 2019-01-03

"Uste dut barruan gutxi gordetakoa izan naizela"

Estitxu Arozena (Mutriku, 1975) bertsolaritzan ibilbide luzea egin duen pertsona da, bai bertsotan bai transmisio lanetan eta baita herriko bertso dinamikan ere.

16 urterekin egin zuen lehen plaza Lesakan, 1991an eta 1995ean Nafarroako txapela jantzi zuen 20 urterekin. Herrialde bateko txapela jantzi zuen lehenengo bertsolari emakumezkoa izan zen Arozena. "Gizartearen inposaketak/bota dituen neskentzat" eskaini zuen garaikur hura Mutrikun jaio eta Lesakan bizi izan den bertsolariak. 

Abiadura Handiko Trenean
Urte askotan plazarik plaza intentsitate handian ibili izan da, baita txapelketan ere. 11 ediziotan hartu du parte Nafarroako Txapelketan, bitan irabazi du eta bostetan txapeldun orde izan da. Lau aldiz kantatu du Txapelketa Nagusian baina ez du inoiz gozatu izan, Bertsoari aitortu dionez.

Abiadura Handiko Tren batean egindako bidaia gisa irudikatzen du plazaz plazako hasierako ibilera hura, beharrak eta egoera aldatzeko gogoak motibatuta. Pentsatzen duena esatekoa dela aitortu du. Eta horrek zenbait herritara joan eta berriro ez itzultzea ere ekarri izan ziola inoiz.

Transmisioan ere lan handia egina da Arozena eta zeregin horretan dabil egun ere Nafarroako Bertsozale Elkartean. Urteetako esperientziaren testigantza utzi du sareko plazan.

Plazak eta txapelketak utzita dago Arozena eta, oraingoz behintzat, ez du itzultzeko asmorik. Gustura sentitzen da transmisio lanetan eta herriko bertso dinamikan eta hor egin nahi du bere ekarpena.

Albiste gehiago

Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21

«Bertso Eguna Lesakan egitea aitortza moduko bat izan da guretzat»