bertsolamintza 2019-05-29

Xabier Aierdi: "Generoaren gaiak trantsizio berri bat ekarri du bertsogintzara"

'Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa?' izeneko hitzaldia eskaini du Xabier Aierdik Bertsolamintza jardunaldietan, Gasteizen. Elkarrizketa honetan laburbildu ditu ideia nagusiak.

Maiatzaren 23an Gasteizera heldu ziren Bertsolamintza jardunaldiak. Maite Berriozabalek eta Xabier Aierdik hitz egin zuten bertan. Soziologoa da Xabier Aierdi, eta bertsolaritzaren inguruko azken ikerketa soziologikoaren egileetako bat da; bertsogintzari buruz dagoen iritzi publikoaz aritu da bere hitzaldian: "Gaur egun bertsolaritza da historikoki pentsatu izan denaren kontrakoa", azaldu du. "Gaur bertsogintzak berak esaten du zer den bertsolaritza, zer den bertsozaletasuna, nolakoa den bertsogintzaren egitura... hori gutxitan lortzen da". 

Enpresek nahi lukete

Bertsolaritzak ahalmen "zoragarri" bat daukala uste du Xabier Aierdik: erroak tradizioan izatea, baina tradizioa barrutik etengabe berritzen jarduteko gaitasuna. "Horrek suposatu du zure berrikuntza arrakastatsua izan dela eremu guztietan: bertsolariengan, gaietan, hizkeran... dibertsifikatu egin zara, zure produktua leku askotara heltzen da". Konparaketa egin du: "Enpresa bat balitz, oso ondo egin du bere plan estrategikoa eta helburu guztiak bete ditu". 

Feminismoa, erronka berria

Generoaren gaiak nolabaiteko trantsizio bat ekarri duela uste du Xabier Aierdik. "Iritzi publikoaren inguruko borroka bat, neurri batean lehia bat", dio. Garrantzitsua iruditzen zaio lehia horrek zein norabide hartuko duen aztertzea: konpetentziarantz, gatazkarantz edo lankidetzara baterantz. "Orain identitateak aztertu behar dira, minak saihestu behar dira, zenbateraino jendea senti litekeen baztertua prozesu batzuetan...", azaldu du.

Bertso munduak honi dagokionean ere neurri arrakastatsuak har ditzan desio du, "oreka ezegonkor bat lortzea, helburuak betetzen dituena". 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri