Elkarrizketa 2019-07-25
Alaia Martinentzat (Oiartzun, 1987) "barrura begiratzeko aukera bat" izan zen bertsoa gaztetxotan. Nerabezaro goiztiar eta mugitu baten erdian heldu zion zaletasunari, eta "askatzeko aukera horrek" lotu zuela uste du. "Eta jakinminak. Zergatik elkartzen ginen hain jende ezberdina talde berean".
Ordutik hogei urte daramatza han eta hemen kantuan, eta hainbat bizipen eta fase zeharkatu ditu ibilbide horretan. "Orain aldaketa fase baten bukaeran nago, eta gustura nabil plazan", aitortu du. Azken urteotan egin dituen hausnarketak pixkanaka plazara ateratzeko gogotsu dagoela dio, eta "inoiz baino libreago eta kontzienteago" sentitzen dela horretarako.
Mugarriak, distantziak eta gerturatzeak
Urte hauetan bere bidea markatu duten uneak xehetu ditu, eta horien artean daude zenbait txapelketa, tartean 2007ko Gipuzkoakoa. Euskal Herrikora sailkatu ez izanak bertsotik distantzia hartzeko aukera eman ziola kontatu du, eta Argentinako egonaldiak on egin ziola zentzu askotan. Bertsolaritzaren falta sumatzen hasi zen une batetik aurrera, hala ere: "Sortzaile izango nintzela erabaki nuen karrera amaitutakoan, eta ohartu nintzen euskaraz sortu nahi nuela".
2011tik 2017ra bitarteko plazako urteak ere une gogoangarrien artean gordetzen ditu. "Oso pribilegiatu sentitzen naiz bertsolari izatearen esperientzia hau bizitzeko aukeragatik". Azaldu du 2017ko Txapelketa Nagusian bizipen horiek galtzeko beldurrak gain hartu ziola zeukan hori gozatzeari. Txapelketa horren osteko "berkokatzea" ere mugarrien artean sartzen du horregatik.
Beste erabaki bat ere hartu du geroztik: "2017koaren ondotik erabaki nuen ez dudala bizitza txapelketaka antolatuko. Antolatuko dut nire bizitza, eta saiatuko naiz txapelketak hor txertatzen". 2019ko Gipuzkoakorakora "beste modu batean" joango dela kontatu du. "Gogoz hartuko dut".
Mugarri "likidoa", feminismoa
Egun edo aro jakin bateko mugarria baino, bere bidean etengabe mugitu den fluxu baten eran irudikatu du feminismoa Alaia Martinek. "Bertsotara aplikatzeko saiakerari esker konturatu naiz bizitzako zenbat zirrikitutan izan duen eta ez duen izan eragina". Une honetan "sentsazio lasaiago edo sendoago" batetik kantatzen duela dio. "Oso aro interesgarria bizitzen ari gara, eta bertsotarako motibazioa ematen dit", aitortu du.
Ahalduntze bertso eskolako kide izan da ikasturte honetan, eta " oso esperientzia aberasgarria" iruditu zaio. "Esperimentaziorako eskubide gehiago sentitu dut, gai handi bat aurki dezakezula ñabarduren azpian, sekula kantatu gabea eta entzun gabea zeure buruari".
Aniztasunari eutsi
Bertsolaritzak mantentzen dakien belaunaldiartekotasunaren balioa azpimarratu du. "Denok batera goaz prozesu batean, eta eraikiko dugu izan nahi duguna". Gogoetari egin dio erreferentzia, eta etorkizunera begira zehaztapen estrategiko bat edukitzea garrantzitsua dela dio, baina "momentuan bizitzeko eta errebisatzeko konplexurik ez izatea" ona dela uste du. "Niretzako garrantzitsua da askatasun horretatik abiatzea, ez bertsolari eredu idiliko bat sortzea".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-06
Maddalen Arzallus Antia - Bertsolari Bertsozale Podkasta - Aurrerapena 2025-02-06
Otsailak 4 santa ageda bezpara 2025-02-04
Otsailak 4 santa ageda bezpera 2025-01-31
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-30