Miren Artetxe - Elkarrizketa 2019-09-05

Miren Artetxe: "Bertsoak dakarren gozamenari eutsi nahi nioke"

Miren Artetxe - Elkarrizketa laburpen bideoa
Bertsoa.eus-en galderei erantzun die Miren Artetxek. Bere ibilbideaz, bertsolari izateko moduaz, urruntzeez, plazaz, feminismoaz... aritu da, besteak beste.

Hendaiatik Lasarterako auto-bidaietan hasi zen aitarekin puntuka kantatzen Miren Artetxe (Hendaia, 1985) umetan. Jolas hori gustatuta, ez zuen zalantzarik izan bertso eskolan izena ematerako orduan. "Jexux Arzallusek gidatuta sortu zen bertso eskola Hendaiako ikastolan", kontatu du; "lagunen artean giro berezia zegoen, eta adin desberdinetakoak elkartzen ginen". 

Hasiera hartatik hainbat plaza, txapelketa eta esperientzia bizi izan ditu bertsolaritzari lotuak. Egun Bertsozale Elkarteko Lehendakaritzako kide ere bada, eta bertso eskoletako gazteen bizipenak ikertzen dituen tesia amaitzen ari da: "Hiztun berrien gaiari eskaini diot atal bat". 

Plazatik Bartzelonara

Bertso eskolako jolasa deserosotasun bilakatu zitzaion plazara jauzi egitean. "Ez dauzkat oroitzapen onak Eskolarteko eta sariketenak", dio; plazan ez zuen orain bezala disfrutatzen. "Unibertsitatera joandakoan ere jende batek ezagutu egiten ninduen... eta ez nintzen aske sentitzen alde horretatik", azaldu du. Horregatik erabaki zuen Bartzelonara joatea, eta hiru urtez egon zen han bizitzen. 

Egonaldiak "on asko" egin ziola kontatu du, baina "alde batetik kalte" ere bai. Bartzelonan ikasten ari zen guztia bertsotara ekartzeko gogoa zuen, baina ez zuen bidea aurkitzen. "Nire teknika eta esan nahi nuen hori ez zetozen bat, eta bueltan blokeoa izan nuen", aitortu du. 

Itzultzeko arrazoiak

Bereziki bi arrazoik ahalbidetu zuten Miren Artetxe bertsotara itzultzea, bere hitzetan: "Batetik, mediokritatearen beldurrez gauzak egin gabe ez uztea politikoki errelebantea dela sinesteak; eta beraz, nik ere nire burua behartzea bertso txarrak bota behar izatera. Eta bestetik, emakume bertsolarien sareak". Lehenago kontatzen ez zituen bere kezkak eta hausnarketak konpartitzeko espazio bat aurkitu duela dio.

Zenbait diskurtsoren arriskua

Feminismoari dagokionean, "egoera oso polit eta gogorra" dela iruditzen zaio. Ekarpen eta aurrerapauso handiak egin direla uste du, eta hona iristea "orain arte egin den lanak" ahalbidetu duela. "Baina artikulatzen ari dira zenbait diskurtso, nire ustez arriskutsuak direnak", azaldu du. "Oraindik kostatzen da esatea emakumeentzat emakume izateagatik bakarrik badaudela traba batzuk bertsolari izateko; oraindik esango dizute izaera kontua dela, jarrera kontua dela...". 

Gozamenari eutsi

Bertsolaritzan zer mantendu behar den galdetzerakoan, hauxe erantzun du Miren Artetxek: "Adorno guztiak kendu eta gelditzen den hori. Kantatuz, errimatuz, elkarrizketan... bertsotan egitearen eta hori entzun ahal izatearen fenomenoa", azaldu du. Jardun horretan bertsozale zein bertsolariak sentitzen duen "gozamenari" eutsi behar zaiola uste du.

"Gerora zer bilakatuko den? Neurri batean guk erabakiko dugu eta neurri batean munduak erabakiko digu". 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra