bertso eskolak 2019-09-30

Eskura duzu bertsoeskola.eus ataria

Eskura duzu bertsoeskola.eus ataria
Webguneak helduen zein haurren eskoletarako materiala dauka: gaiak, doinuak, errimak,… bertso-eskolei saretzeko bidea ere eman nahi zaie atariaren bidez.

Bertso eskolarako baliagarria den material guztia eskura izango dute bertso-eskoletako kideek gaur sareratu den bertsoeskola.eus atariari esker. Sakabanatuta zeuden askotariko baliabideak biltzen ditu plataformak: erabiliaren erabiliaz ederki zimurtuko diren web orrialdeak izango dira ziurrenik gaitegia, doinutegia eta errimategia.

Bat-batean aritzeko plazan jarri diren 700 gaietatik tira ahal izango dute bertso-eskolatako kideek; gai horri loturik bertsolariek kantatutakoa ere ikus-entzun ahal izango da Gaitegia atalean. Oin aberatsak aurkitzeko, EHUko Ixa taldeak egokitutako Errimategia dugu: hitz bat jarri eta haren amaierarekin bat datozen hitzen zerrenda erakusten du. Eta, hori guztia laguntzeko, plazan erabiltzen diren 400 doinu daude aukeran Doinutegitik BDBra bideratuko gaituen loturan. Hasiberrientzako fitxa errazagoek ere badute beren txokoa.

Bestalde, zenbait bertso jarri ere eskainiko dira, ikus-entzunezkoan zein transkribatuta; eta gogoan gelditu diren bertsoaldiak ere berreskuratu dira atariko ganbaran.

Bertso-eskolentzako bakarrik ez eta bertso-eskolek eragindako espazioa ere izan nahi du webguneak. Horregatik, bertso-eskola bakoitzak bere jardunaren berri eman ahal izango du, eta batak bestearena ezagutu.

Ataria gailu mugikor txikietan, sakelekoetan zein tabletetan, baliatzeko erosoa da oso. Codesyntaxek garatu du webgunea, iaz egindako bertsoikasgela.eus atariaren antzera, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Urtebete egin du bertsoikasgela.eus atariak ere

Bertsolaritza ikastetxean proiektuaren baitan dauden eskolek bertsoikasgela.eus ataria baliatu dute azken ikasturtea ezkero bertsolaritza ikasgeletan lantzeko. Batean eta bestean aritu behar duten irakasleentzako lagungarria da tresna, materiala leku berean eduki ez ezik, ikasgela bakoitzeko haria berrartzeko modua eskaintzen baitu. Gainera, ikasleek etxean ere jarrai dezakete bertsolaritzarekin gozatzen.

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu