Bertsokabi gazte sariketa 2019-10-25

Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Bertsokabin txapeldun

Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Bertsokabin txapeldun
80 lagun ingururen aurrean jokatu da II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Herriko Tabernan. Oholtza gainean izan dira Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo. Azken hauek atera dira txapeldun.

Irati Majuelok eta Alazne Untxalok jantzi dute II.Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako txapela. Atzo jokatu zen finala, lepo betetako Iruñeko Herriko Tabernan. Oholtzan izan ziren aurreko hiru kanporaketetatik sailkatutako hiru bikoteak: Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo, eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo. Maialen Belarrak egin zituen gai-jartzaile lanak, eta publikoko bost lagunekin batera, epaile gisara aritu ziren Joseba Beltza eta Nerea Bruño. Horiek denek izendatu zituzten Majuelo eta Untxalo sariketan txapeldun. Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Alaitz Rekondok jantzi zien txapela.

Kantu baten doinua baliatuz egindako agurrekin eman zioten bikoteek hasiera saioari. Ondoren, zortziko txikian zein hamarreko txikian aritu ziren denak, ofiziotan. Horren ostean etorri zen bertso probetarako tartea; Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi 'Nor da nor?' jolasean aritu ziren, llarregik, galdera bitartez, Irastortzak publikotik aukeratutako pertsona asmatu arte. Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo puntuka aritu ziren oina emanda, ahalik eta oin gehien esan nahian, poto egin arte. Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, azkenik, tabuan ibili ziren: pertsonaia asmatu nahiean aritu zen Majuelo, baina Untxalok erantzunetan hainbat hitz ezin erabilita. Jolasen ostean bakarka aritu ziren Ekhine Zapiain, Irati Majuelo eta  Xabat Illarregi, eta ondoren, gaia emanda puntuka beste hiru bertsolariak, Aitor Irastortza, Josu Sanjurjo eta Alazne Untxalo. Azkenik, koplatan aritu ziren hiru bikoteak. Horren ostean jakinarazi zen bikote txapelduna, azken agurrekin saioari bukaera jarri aurretik.

Bertsokabi, bi urtera arte

Nafarroa osoko 18 bertsolari gazte aritu dira aurtengo sariketan kantari, bikoteka. Lau saio izan dira guztira, Iruñeko beste horrenbeste taberna eta gune informaletan. Modu horretan, helburu bikoitza bilatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak: batetik, bertsolari gazteei plaza berriak eskaintzea. Bestetik, Iruñeko publiko gaztea bertsozaletu eta bertso eskaintza zabaltzea. Era berean, Eugenio Arraiza zenari gorazarre egiteko baliatu nahi izan du elkarteak bere izena daraman sariketa.

Bi urtean behin egiten da Bertsokabi Sariketa, Izeta Sariketarekin txandaka. Beraz, bi urte barru bueltatuko da, 2021an.

(Erredakzioa)

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin