2019 Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019-12-10

Zortzikotea finalera begira

Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako San Telmo museoan 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Bertan izan dira zortzi finalistak, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziarekin.

Larunbatean beteko dira hiru hilabete 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin abiatu zela. 15 saioren ondoren, Donostian jokatuko den finalarekin amaituko da txapelketa. Finalean kantuan arituko dira Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. "Bertsoa eta bertsolaritza erdigunean jartzen ahalegindu gara eta ikusarazi nahi izan dugu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bere aldaera guztietan mugimendu zabal eta emankor baten erakusle dela." Saroi Jauregi, Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko lehendakaria.

Finala larunbatean, Donostian

Finala 17:00etan hasiko da, Donostia Arena (Illunbe) aretoan. Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak egingo dituzte aurkezle lanak larunbatean. Bertsolarien lana epaitzen sei epaile hauek arituko dira: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro.

Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela aurtengo irabazleari. Urte luzetan egindako lan isila aitortu eta eskertu nahi dio horrela Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ikusi Bertsoa.eus-ek Gaztelumendiri egindako elkarrizketa hemen.

Finalaren egunari loturiko ohar eta informazio guztia Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako web atarian.

Sarrerak

Finaleko sarrerak larunbat eguerdiko 13:00 arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera guztiak agortu ez badira, 15:00etan irekiko da txarteldegia, larunbatean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 18 euro. Gaztetxoen sarrerak (6-16 urte) 12 euro balio ditu eta Sarrera arruntak 24 euro.

Finala, telebistaz zein internetez

ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat finalarekin. Internet bidez, www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan ere emitituko dute Ilaski Serranok eta Martin Aramendik aurkeztuko duten emanaldia. 

Igandean, berriz,  Hitzetik Hortzera berezia prestatuko dute finaleko bertsoaldi onenekin eta txapeldunaren hitzekin. Saioa arratsaldeko 15:00etan emango dute ETB1en.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa