Otsailaren 7an estrainaldia 2020-01-29

'Erik eta Win' Buhameak taldearen emanaldi berria

'Erik eta Win' Buhameak taldearen emanaldi berria
'Ez gara Palestinaz ari' izan zen lehena eta 'Erik eta Win' etorri da orain. Buhameak taldeak, Unai Muñoa eta Ander Lizarraldek gidatuta, bere lan berria aurkeztu du. Kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika uztartzen dira. Otsailaren 7an egingo dute estrainaldia Donostian, 20:00etan, Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz Kultur etxea).

'Ez gara Palestinaz ari' izan zen lehena eta 'Erik eta Win' etorri da orain. Buhameak taldeak, Unai Muñoa eta Ander Lizarraldek gidatuta, bere lan berria aurkeztu du, ondoaldi luzearen ondoren. Otsailaren 7an egingo dute estrainaldia Donostian, 20:00etan, Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz Kultur etxea).

Kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika dira emanaldi honetan ere nahasten direnak. Zenbait unetan sakon eta zatirik gehienetan umoretsu orekatzen dute emanaldia, sortzaileen esanetan: "antzerkiaren bidez, bi bertsolarien izaeraren karikatura bat egin eta euren buruari barre egiteko gai direla erakusten dute, ondoren, bestelako sakontasun maila batean, bertsoz, poesiaz edo kantuz hausnartzeko".

Unai Muñoa eta Lizarralde bertsolarien esperientzian oinarrituta, zenbait intimitate partekatzen dituzte, beti ere, publikoarengan zenbait galdera ikur sortzeko asmoarekin, norbere barruetan begiratzeko ispilu lana egin nahi dute, eta ez epaituak zein miretsiak izan. “Askotan, besteen kontraesanak eta erruak seinalatzea gustatzen zaigu, baina gutxitan egiten ditugu ekarpenak autokritika abiapuntutzat hartuta edo norbere buruaz hitz eginda, marko teoriko batetik haratago”. Beren hitzetan, hatzarekin erruak banatu ordez, eredutik eta aitortzetatik egin nahi izan dute bidea Muñoa eta Lizarraldek, bi emanaldietan.

Zer aztertzen dute zehazki emanaldian

Gizakia animali soziala dela jakitun lehen emanaldiaren gako nagusia nor izatea zen, "ezin baikara besteekin modu sano batean erlazionatu, baldin eta lehenengo ez bagara nor". Bigarren emanaldi honetan, "norbera bestearekin erlazionatzen garenean gertatzen diren botere harremanak, elkarrekiko lehiak, batak bestearekiko ditugun interesak, besteari begiratzeko ditugun moduak, inbidiak, amorruak, maitasun keinuak, zaintzak eta abar luze bat aztertzen dira". Buhameak taldeko kideen hitzetan.


Ander Lizarralde Oiartzuarrak eta Unai Muñoa Lasartearrak ezagutu zirenetik orain arte egin duten eboluzioa kontatzen dute, baina normalean ezkutuan geratzen direnak argitara eramanaz. Horrez gain, gizon bezala aztertzen dute euren burua, batetik, euren artean erlazionatzeko modua aztertzekoan, eta bestetik, bakoitzak emakumeekin erlazionatzeko eduki duen modua erakusterakoan. Modu esplizitu batean eredu berririk proposatzen ez bada ere, orain sentitu litekeen nora-eza nabarmentzen dute eta eredu berrien beharra azalarazi, aukera berriak xuxurlatuz.

Doinu berriak, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren eskutik
Emanaldi honetan, protagonisten estiloari jarraituz, bertso doinuak erabiltzen dituzte batik bat, nahiz eta bestelako proposamenak ere egon, buleria bat edo son kubatarra, adibidez. Abesteko modua ere asko zaintzen dute. Sorta guztiak musikaz lagunduak izateaz gain, bi ahotsetara ere abesten dute zenbait momentutan, eta sorta bakoitzak bere koreografia propioa du. Oraingo honetan doinu berriak plazaratuko dituzte. Zentzu honetan, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren lan bikaina azpimarratu dute Muñoak eta Lizarraldek.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri