Historiako Emakume Bertsolariak 2020-04-01
Entzun bertso-musikatuak hemen.
XIX. mendean baziren eremu pribatutik kanpo kantatzen zuten emakume bertsolariak, eta ez hori bakarrik: Orduko bertsolari txapelketa garrantzitsuenak ere irabazi zituzten, jendez betetako plazen aurrean: Lore Jokoak.
Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai XIX. mende bukaerako bertso Lore Jokoetan gailendu ziren, eta XX. mende hasieran ere eskuratu zuten saririk. Plazaz plaza ere ibiltzen ziren, arrakasta handiz. Marie D’abbadie ikerlari eta kazetariaren kronikei esker jaso da hein handi batean hauen berri. Tamalez, ez da beraien bat-bateko bertsorik ezagutzen.
Azkainen sortu zen Maria Luixa Erdozio (1846 Azkaine - 1925 Donibane Lohizune) bertsolaria, eta Donibane Lohitzunen bizi izan zen luzaz. Laboraria izan zen. Bi aldiz irabazi zituen Lore Jokoak: 1869an eta 1875ean. Hogei urtetik gorako ibilbidea egingo zuen Erdoziok bertsotan, eta ez da edonolako datua, sei seme-alaben ama ere bazela kontutan izanda.
Sarako plazan jokatu ziren saio haiek, orain gauden leku honetan ziurrenik. D’abaddieren kroniketan kontatzen denez, ehunka herritar biltzen ziren bertan, plaza goraino bete arte. Haren hitzetan, orduko apezak, epaileak, auzapezak eta etxeko jabe handiak ere gerturatzen ziren bertara.
Mariana Hargain (1860 Ezpeleta- 1925 Donapaleu) ezpeletarra ere 20 urterako hasi zen bertsotan; 28 urterekin irabazi zituen aurrenekoz Lore Jokoak. Jasota dagoenez, 47 urterekin ere plazan jarraitzen zuen. Adin horretan, hirugarren postua lortu zuen Kanboko Lore Jokoetan. Beraz, 30 urte bueltako bertso ibilbidea behintzat egin zuen honek ere.
Horrela deskribatu zuen fisikoki D’abaddiek: "Marie Argain 30, 35 urteko euskaldun eder bat da, beltzarana, azkarra, begitarte adierazkor batekin".
Hiruretan gazteena zen Aña Etxegarai (1873 Lekorne - 1939 Hazparne). 1873an jaio zen Lekornen, eta Hazparnen bizi izan zen. Espartingile eta ostalaritzan jardun zuen, eta Marie Hargain eta biak elkarrekin bertsotan aritzen ziren lantegian, berak aitortu zuenez.
Etxegarai eskolatua zen, irakurtzen eta idazten zekien. Aña Debrua ere deitzen zioten. D’abaddiek egin zion elkarrizketan oholtzan “beldurtzea ahantzi zuela” aitortu zuen.
Lore Jokoetan irabazle
Idatziz jaso diren testigantzatan aipatzen denez, "Hondarribitar neska batek" ere abestu izan zuen Lore Jokoetan. Bertsolari honen izenik ez da gorde eta ez dakigu non eta noiz ere. Baina garaiagatik, Hondarribiko Joxepa (1800 Hondarribia) izan liteke: Bilintxek "Hondarribiko Joxepari desafioa" izeneko bertso sortan aipatzen zuen bertsolari "famatu" hura. Bertso hauetan kontatzen denez, hainbat donostiar talde joan ziren Joxepa bisitatzera, haren bertsolari onaren famak probatzera-edo. Joxepa ordea, ez zen atzera gelditu, eta berak jarri omen zuen zalantzan Bilintxen bat-bateko gaitasuna, edo hori dio behintzat donostiarrak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24