Entzun eta irakurtzekoak 2020-04-09
Larrialdi egoera ezarri zenetik ezin gara etxetik atera, kultur ekimenak bertan behera geratu dira eta horrek bertsoaz gozatzeko genuen ohiko moduak aldatzea eragin du. Kulturgileak hainbat ekimen ezberdin sortu dituzte beraien sorkuntza plazaratzen jarraitzeko. Horretarako oholtza sarea da eta online helarazten digu sortzaileak bere obra. Bertsoaren bueltan sortu den ekimen arrakastatsua da Etxetik etxera online bertso saioa. Ostiral arratsaldeetan bertsoarekin gozatzeko aukera eskaintzen du, zuzenean. Ekimenari buruz Unai Elizasu, Aitor Sarriegi eta Jone Uriarekin hitz egin dugu.
Teknologia lagun, plazatik etxera
Ekimena, plaza norbere etxera ekartzeko ideiatik abitu zela esan digu Unai Elizasuk. Teknologiak ematen dituen aukerak baliatu dituzte bertsolaria eta entzulearen arteko zubiak eraikitzeko. "Lehen ere antzeko zerbait egin nuen saio baten eta egin zitekeen zerbait zela pentsatu nuen" dio Aitor Sarriegik. Bertsolari eta gai-jartzaile taldea osaturik zenbait proba egitea izan zen lehenego lana eta aukera polita zela ikusirik aurrera egitea erabaki zuten. Sarea eta konexioak ez dira egonkorrak eta horren jakitun ere baziren, dena den, lehen proba egin ostean hilabete osoko programazioa aurkeztu dute.
Plazari irteera posible bat emateko konpromisoa
Jone Uriak aitortu digu berari, beste bertsolari askori bezala, saioak bertan behera geratu zaizkiola eta egoera orokortu horri buelta emateko ahaleginean lehen bultzada bat izan dela online bertso saioetan pentsatzea. "Proposamena jaso nuenean baietz erantzun nuen gehiegi pentsatu gabe. Nire buruari jarritako helburuak jendeari entretenimendu bat ematea izan da, horretarako gaitasuna daukagulako" esan digu Jonek.
Bertsolari bezala sentsazio arraroa
Bertsolaria ez dago ohituta pantaila bati kantatzera eta entzulearekin duen hartu eman edo feedback horren falta nabarmena sentitzen dutela aitortdu digute Jonek eta Aitorrek. "Txalorik ez entzuteak bertso arteko denbora mugatzen du eta ziztu bizian kantatzera behartzen zaitu, bereziki bakarkakoetan, bost segunduko isilunean badirudi konexioa eten dela" dio Aitorrek. Konexioaren menpe egoteak ere tentsioa areagotzen duela esan digute, edozein momentutan jauzi daitekeelako sarea. "Egoera honetan kantatzeak sortzen dituen tentsioekin kantatzera ohitu beharko gara. Espero dut asmatuko dugula modua bertsolariak eroso kantatu eta entzuleak gehiago gozatzeko" esan digu Jonek.
Orain artekoarekin pozik
Dagoeneko hiru jaialdi eta bertso poteo bat egin dira eta emaitzarekin oso pozik daude. Teknologiaren menpe egoteak sortzen duen ziurgabetasuna ahaztu gabe jendearen erantzuna ona izan da. "Saio bakoitzean 600 gailutik ikusten gaituzte, horrek esan nahi du 600 pertsonatik gora daudela pantailaren atzean, zenbaki handiak dira" aitortu digu Elizasuk. Borondatez egindako ekimen bat izan da Etxetik etxera online bertso saioak eta iniziatiba hartu izanak eta egin egin izanak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute.
Datozen asteetarako programazio zabala
Datozen asteetan ekimena nola hobetu eta emaitza duinago bat lortzea izango dute helburu. Bertsolari ezberdinak kantatzeko aukera emateko asmoz antolatu dute apirilerako programazioa. Momentuz ez dute maiatzean zer egingo dutenaren berri eman, nahiz eta, itxialdi egoeran bertsoa eta plaza guztion etxeetara eramateko konpromisoa tinkoa den. "Oraingoz apirileko plana egin dugu baina hau luzatzen baldin bada, gure hasierako asmoa egoera bukatu bitartean saioak egitea zen beraz jarraituko dugu eta buruan ditugun bestelako ideiak ere maiatzean etxean egongo baldin bagara izango dute lekua Etxetik etxera online bertso saioetan" dio Elizasuk.
Agenda
Apirilak 10, ostirala, bertso saioa 18:30ean
Apirilak 17, ostirala, bertso saioa 18:30ean
Apirilak 19, igandea, bertso bazkaria 15:00etan
Apirilak 24, ostirala, bertso saioa 18:30ean
Bertsoaldiak ikusgai sareko plazan: Lehenengo bertso saioa, bigarren bertso saioa eta hirugarren bertso saioa.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24