Haritz Mujika - Basarri Sariko irabazlea: 2020-07-10

"Bertso jarriei balorea eman behar genieke"

"Bertso jarriei balorea eman behar genieke"

Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak irabazi du 36. Basarri Saria. Aurtengoan sari bakarra eman du epaimahiak eta Mujikarentzat izan da hori. Konfinamendu egoeran bizi izandako esperientzia pertsonala dute bertsoek oinarri. Hona hemen Haritz Mujikak Bertsoa.eus-i eskainitako elkarrizketa.

Nola hartu duzu Basarri Saria irabazi izanaren albistea?
Egia esan oso gustura hartu dut eta poz handia eman dit. Oso gustuko dut bertsoak idaztea.

Konfinamenduan kokatutako harreman egoera bati jarriak dira bertsoak…
Bai, benetan bizitzea egokitu zaidan egoera batean jarriak dira, ez sariketa batera aurkezteko, bikoteari bidaltzeko postal gutun gisa baizik. Konfinamenduak muga baten bi aldetan harrapatu gaitu biok eta hiru hilabete egon gara elkar ikusi gabe. Egoera horretan nire barruan zebiltzanak jarri ditut bertsotan. Berez gutun bat izan behar zuen baina bidaltzerako konfinamendua zabaldu zuten eta bidali gabe gelditu zen, eta Basarri Sarira aurkeztea pentsatu nuen.


Bat-batean ezik bertso jarriak ere lantzea gustuko duzula aitortu duzu…
Bai bertsoak oso gustukoa dut bai. Ni perfekzio zalea naiz eta idazteak bat-batekotasunak ez bezalako aukera ematen dizu norbere gustuko perfekzio horretara hurbiltzeko.
Azken batean oso modalitate desberdinak dira, jendeak oso elkarren antzeko ikusten dituenak. Nik esango nuke futbola eta pilota bezala direla.

Bestalde, badirudi bat-batekoa bertsogintza dela liga nagusia eta bertso jarriak bigarren mailan bezala daude, eta nik uste balorea eman egin behar zaiela. Gero, sariketen kasuan ez da erraza bertso jarriei zukua nola atera, gehienetan hortxe gelditzen dira.
Zarautzen musikarekin batean kantatzeko aukera eskaini zidaten eta oso gustura hartu nuen proposamena.


Neurria ere aipagarria da, bertsok zortziko txikian jarri dituzu.
Oso gustuko ditu neurri txikiak, zortziko txiki eta hamarreko txikia bera ere bai. Zortziko txiki bat ondo betea badago bertso ona izango da… Horrek ordea tolestura lan handia eskatzen du eta sorta honetan ere asko zaindu dut hori.  

 

36. Basarri Sariko sorta irabazlea.

Gaia: "Konfinamenduaren hirurogeigarren egunean idatzi baina mugaz bestalde bidali gabe utzitako postala"
Doinua: Zure bular politak

 

1.- Egunak luze doaz
eta gauak labur
igande hartan esan
nizunetik “agur”
geroztik naiz geldirik
bare dagoen ur
ilusio hutsetik
elikatzen den lur


2.- Goizetan kentzerako
begi makar printzak
buruan dauzkat zure
bezperako hitzak
baina nola basoan
hazten diren zizak
bizitza laburra du
pozaren bizitzak.


3.- Maitasuna ez dago
arauetik salbu
ezin besarkadarik
erosi nahiz saldu
laztandu ta bihurtu
elkarren azal gu,
hura larrutu eta
mamia azaldu.


4.- Nahiz irri bat zabaldu
bi ezpainen mugan
ezin egonak zenbat
ezinegon gugan.
Goxo hartu nahi zaitut,
kulunkatu zugan,
beldur naiz, beldur ea
asmatuko dudan.


5.- Nola doan garaian
zalduna zaldian
amesten dut esnatze
baten atarian.
Aitortza bat, laztan bat,
muxu bat agian,
lehen aldi berri bat
ehungarren aldian.


6.- Nahiz dena den pasio,
loraldi eta su
ta aitortu “behar zaitut,
kontuan har zazu”
zu gabe izan naiz ni
ni gabe zara zu.
baina alboan mesede
egiten didazu.


7.- Neure argi baitzara
ez itzal, ez orbain
baina itxialdi txar
ta zail baten ordain
berriz zu ezagutzeko
beharra dut orain.
ta sareak zapi fin
bihurtzeko off-line.


8.- Harreman birtualak
beti dira zailak
koloreak itzaltzen
baititu pantailak.
Nik pasahitzak baina
nahiago zerrailak
eta bizar laztanez
gorritu masailak.


9.- Baina harremantzeko
lehen geneuzkan erak
baimen omen ditzake
denboraren hegak.
Ta gerora baletor
antzeko beste bat
azpian har gaitzala
teilatupe berak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri