None 2020-10-08

Aiztondoren zirtotsa ikastetxeetan ezagutarazteko

Pello Mari Otaño bekarekin saritutako proiektua aurkeztu zen pasa den ostiralean, Zizurkilen. Ondoren, bertso saio izan zen Kilometroaken eskutik: bertsoaldiak laster izango dira entzungai, Bertsoa.eus atarian.

Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena egin dute proiektuaren egileek, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideek.

Pasa den ostiralean lanaren nondik norakoak azaldu zituen Haritz Mujika Harituzeko kideak. Proiektuak Pello Mari Otaño beka eskuratu du, eta deialdiaren ebazpena aurkezteko ekitaldia egin zen Zizurkilen. Zirtoaren inguruko azalpenak eta hura lantzeko ikastetxeentzako egin nahi den proposamena are gehiago argitzeko, zenbait adibide ekarri zituzten Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek; hiru kide hauekin batera egin dute lana Beñat Iguaranek, Imanol Artolak eta Mikel Artolak.

Elkarlanaren eta auzolanaren adibide ezin hobea

Ekitaldian izan ziren deialdia antolatu eta babestu duten erakunde eta elkarteak: Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dute deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

 

Kilometroak jaiaren aldeko bertso saioa

Kilometroak Astearen baitan, Zirtotsak bertso saioa antolatu zuten Kilometroak Kultur Elkarteak aurkezpenaren ondoren. Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzuten aritu ziren, Amets Arzallus, Anjel Mari Peñagarikano, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak, 19:00etan hasita, Zizurkilgo Intxaur frontoian.

Laster izango dira bertsoaldiak bertsoa.eus atarian.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu