Heriotza 2020-10-21

Nikolas Aldai zendu da

Nikolas Aldai zendu da
Nikolas Aldai. (Conny Beyreuther / Bertsolari aldizkaria)
Irrati esatari ohiak lan handia egin zuen bertsolaritzaren inguruan hainbat komunikabidetan; "Hitza Jolas" Euskadi Irratiko bertsolaritza programaren sortzailea, saioko esataria ere izan zen urte luzez.

Bertsoen bilketan lan izugarria egindakoa zen Nikolas Aldai. 1947an Errezilen jaioa, Hondarribian bizi zen egun. Hainbat hedabidetan aritua, berak sortu eta gidatu zuen Euskadi Irratiko Hitza Jolas saioa (Eta Hitza Jolas bihurtu zen izenekoa garaia hartan). Hala, bertsoen grabazio bilduma handia osatu zuen Euskadi Irratian zegoela.

Hain justu, Bertsolari aldizkariko azken alean (119 zbk.) egin zaio elkarrizketa, Kazetari beteranoen begirada erreportajearen baitan.

"Nire helburua bertsolaritzari tratamendu integrala ematea zen"

Etxetik jaso zuen Nikolas Aldaik bertsozaletasuna. Bertsolari aldizkarian, Antxoka Agirrek egindako elkarrizketan, aipatu du, Basarriren saioa entzuten zutela etxean. Irratiko lehen pausoak ere ekarri ditu gogora: "Donostiako Herri Irratian sartu nintzen soldaduskan nengoela. Orduan aukera izan nuen, eta euskarazko programazioan hasi nintzen 1970/71 urteetan". Musika programak egiten zituela kontatu du elkarrizketan, informazioa ematearena gutxi batzuen esku baitzegoen, eta musika hautaketa egiteko ere nahiko muga izaten zuen: "Onartuak zeuden kantuak oso gutxi ziren; ez dakit 100era iristen ziren. [...] Nere aitak amari gona gorria ekarri ezin zen emititu. Zergatik? bigarren bueltan gona gorri-gorria zazpi jostunek josia esaten zelako, eta ezin zen emititu, zazpi jostun horiek zazpi probintziak zirela esaten zutelako".

Honelakoek behartuta hasi zen bere kabuz grabazioak egiten jaialdietan; bertsolariak ere izaten ziren haietan, eta garai hartan plazan zebiltzan bertsolari askoren bertsoak eta elkarrizketak bildu zituen.

1986an bertsolaritzari loturiko edukiak ontzeko ardura hartu zuen Aldaik Euskadi Irratian, eta saio batean eta bestean aritu eta gero, 90eko hamarkadan ekin zion Eta Hitza Jolas bihurtu zen programari: "Hasi zenean, nire helburua zen erabateko tratamendu integrala egitea bertsolaritzari. Alde batetik, ikuspegi historikoa lantzea; eta, bestetik, egunerokotasun garaikideari garrantzia ematea", azaldu dio esatari ohiak Antxoka Agirre kazetariari, Bertsolari aldizkariko elkarrizketan.

Pello Esnalekin batera osatu zuen Aldaik Uztapide bat-batean lana 2009an; aurkezpenean izan zen Bertsoa.eus eta ordukoa da bideoa.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri