EiTB Maratoia 2020-10-26
“Iaz Lau Teilatu abestiak itzelezko arrakasta izan zuen. Ehundaka bertsio jaso ziren, denetarikoak, batzuk oso landuak, beste batzuk xumeagoak baina denek balio zuten. Oraingo honetan berriz, zerbait oraindik eta pertsonalagoa egin nahi izan dugu” azaldu digu Xabier Euzkitzek.
Koronabirusa izango da aurtengo elkartasun kanpainaren gaia eta Covid-19aren ikerkuntzara bideratuko da bertan batzen den dirua. Ostiral honetan, urriaren 23an, aurkeztu zuen ekimena EiTBk Donostiako Tabakaleran eginiko ekitaldian.
Aurten denok garela kausa azpimarratu zuten aurkezpenean eta egoera honek denoi eragin digun bezala, euskal gizarte osoaren sentimendua batuko duen bertso-katea osatzea izango da erronka. Jendeak bertso-katearekin hainbat modutan egin ahalko du bat: errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen.
“Bertsoak zerbait baldin badauka da uneari, egoerari, gaiari eta hartzaileari egokitzeko gaitasuna. Bertso-kate honek ematen du bakoitzak nahi duen bidetik jo eta nahi duen ikuspuntua garatzeko aukera”.
6 bertsolari bat eginda
Sei bertsolarik eman diote hasiera ekimenari: Maddalen Arzallus, Xebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze. “Piska bat bertsolaritzaren errealitatea islatzeko moduko seikote bat nahi genuen. Boskote bat aipatu genuen, proposatu genien eta berehala eman ziguten baiezkoa eta nik uste denen artean lan txukuna egin dugula” esan du Euzkitze berak.
Bakoitzari sentimendu bat esleitu eta zenbait mezu batu dituzte lau koplatan sei bertsolariek, ‘Inoiz ez bezalako bertsoa’ lelopean. Bideoa ikusgai dago EiTBren web-orrian.
“Uste dut askoren sentimenduak ongi islatzen dituztela kopla horiek baina jendeak kopla berriak ere egin ditzake edo guk egin ditugun horiekin beste bertsio musikal bat egin. Dena libre geratzen da”.
Bob Marleyren doinuan kantari
“Kantu zoragarria dela uste dut eta gauza asko egiteko modua ematen duena” aitortu du Euzkitzek. Izan ere, abeslari jamaikarraren ‘No woman, no cry’ doinua aukeratu dute bertso-kateari ekiteko eta ‘ez negar egin, gu elkarrekin’ errepika gisa.
“Ez genuen lehendik egina zegoen kantu bat baliatu nahi, baizik eta, kantu unibertsalago bat aukeratu nahi genuen eta kasik belaunaldi guztiei ezaguna gertatzeko modukoa. Bertso egituratik oso urrutikoa izango ez zen doinua izatea ere nahi genuen eta “No woman no cry” horrek zortziko handiaren neurrietan oso parean jotzen du”.
Abenduaren 17a, Maratoiaren egun handia
“Guk kontzientziazio lan horretan eta maratoiaren zabalkundean lagungarri izatea nahiko genuke. Guretzat oso polita da azken hilabete hauetan egin dugun lan guztiaren ondoren, begiak itxi eta jendea imajinatzea sukalde xokoan edo etxeko salan kopla hauekin, doinu honekin edo gai honekin bertsio berriak egiten”.
EiTB Maratoiaren eguna abenduaren 17a izango da. Bitartean, ekimena plazaratzeko bideoklip bat lantzen ari da EiTB Maratoian dabilen lantaldea, kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute bertan, eta horrez gain, laster emango dituzte argibide gehiago bertsoak eitb.eus-era igotzeko ze pausu eman behar diren azalduz.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24