Bertsoaldi sorta 2020-11-20
Azken urteetan, euskarari ez ezik, Euskaraldiari buruz kantatzea tokatu zaie bertsolariei behin baino gehiagotan. Bertso saio ugari antolatu dira eta antolatzen ari dira Euskaraldiaren baitan, eta saio horietaz gozatzeko aukera gehiago izango da ondorengo egunetan ere, noski. Giroa berotzen joateko, azken urteotan bertsoa.eus atarian bildutako bertsoaldi batzuk gogora ekarri nahi izan ditugu.
Lehen edizioa baino lehenagokoa da aukeratutako lehen bertsoaldia. Jone Uria eta Andoni Egaña kantuan, Euskaraldian izena eman duen bikote baten paperetik. Jonek, euskaraz erraz moldatzen denez, Aho Bizi izatea erabaki zuen eta Andonik berriz Belarri Prest, euskaldun berria izanki, badaezpada... Euskaraldia hasiaz batera, tronpatu eta batak bestearen txapa jantzi du goizean. Umorea ere garrantzitsua baita!
Euskaraldia hasteko aste beteren faltan egin zen gazteen bertso saioa Iruñean, 2018ko Bertso Aroaren baitan. Xabat Illarregi Euskaraldiko antolatzaileetako bat Ane Zuazubiskar dendari zalantzatia konbentzitzen saiatuko da, euskaraz gai dela erakutsi eta bera ere Belarri Prest izan dadin.
2018ko Euskaraldiaren lehenengo egunean antolatu zen Soraluzen bertso saioa. Bertsoaldi honetan, oholtza gaineko 4 bertsolariek bina bertso bota zituzten. Aurreneko bertsoan azaroaren 23an ze rol hartu zuten azaldu beharra izan zuten eta bigarrenean, abenduaren 3an, ekimenaren amaieran, nola bizi izan duten kontua.
2019an ez zen ediziorik antolatu baina Euskaraldiko taldeel lanean jarraitu zuten. Kasu honetan, bertsolarien laguntza baliatu ahal izan zuten pankarta batzuk egiteko. Zer esaldi jarriko zenukete herritarrak euskaraz aritzera animatzeko?
Aurtengo bertsoaldi ba da azkena. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña euskararekin harreman ezberdina duten bi herritar. Orain arte beraien arteko harremana gazteleraz izan den arren, Oihanak Aho Bizi txapa janzteko eskatu dio Andoniri.
Argi dago bertsolaritza, beste gauza askoren artean, ezinezkoa litzatekeela euskararik gabe eta Euskaraldia aukera polita dela egiten gaituenari erreparatuz, taldean eta eremu pertsonalean hartzen ditugun hautuez jabetzeko. Jolasteko, ikasteko, hanka sartzeko eta balioan jartzeko. Beraz, ez dezagun galdu aukera, harreman eta igurtziak hain baliotsuak bilakatu diren garaiotan, horiek euskaraz egin eta denboran iraungo duen aldaketa bati hasiera emateko. Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan, gora EUSKARALDIA eta gora EUSKARA!
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Asier Azpirozí jarritako gaia 2024-09-03