Mintzola Mintegia 2020-12-04
"Guretzako opari bat da Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera mintegi hau antolatzea eta beste hainbat ikerketa deialdi bultzatzea", azaldu zuen Jone Miren Hernandez UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, pasa den azaroaren 26an egin zen Mintzola Mintegiaren hasieran. Bi erakundeek antolatzen dute 2016tik hitzordua. Horrela, ikerketa deialdien bitartez ikerketa hauek sustatu ez ezik, hauen berri emateko saioak ere antolatzen dituzte elkarlanean.
Hernandezekin batera UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Errektoreordea den Jon Zaratek egin zien harrera hitzaldiak jarraitzera agertutakoei. Sei urteotan Mintzolako patronatu kidea izan da Zarate, eta mintegia bidea amaitu eta agurtzeko baliatu zuen; "maiteminduta sartu nintzela onartu behar dizuet, bertsozalea ere banaizelako; eta ezagutu ostean gehiago maitatu dut Mintzolaren lana, eta maitatu ez ezik babestu ere bai egokitutako arduratik". Bere hitzak bertso bat eskainiz biribildu zituen: "...babes dezagun altxor hau, urrea da dariona" amaitu zuen.
Aurten tokiari eta distantziari lotutako neurriei arreta jarri zaie, eta mintegia online jarraitzeko aukera eskaini da; aretoa bete ez ezik beste hainbatek jarraitu dute, hartara, hitzaldi sorta etxetik.
Ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketak izan ziren aurkeztutakoak; gehienak bertsolaritzari loturikoak. Tartean, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzolak zuzenean sustatutako ikerketak zeuden.
Bertsoaren didaktika, aztergai
Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lana aurkeztu zuten batetik Mikel Artolak eta Unai Mendizabalek. Pello Mari Otaño Beka eskuratu dute aurten, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko beste hainbat kiderekin batera sinatutako lanari esker. Bertsolaritzaren didaktika izan da beren abiapuntua. Bertsoa ikasteko eta irakasteko prozesuaren inguruan hausnartu dute: bertsotan egiteko gaitasunak xehatu, eta horiek mailakatzeko ariketa eginda, bertsoaren unitatera iritsi aurretik oinarrizkoagoak diren beste unitate batzuk daudela azaldu dute, eta horietako bat, koplaren eta puntuaren aurretik legokeena, litzateke zirtoa. Hala, Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirtoa bildu eta hezkuntzan hura lantzeko proposamena ari dira ontzen [hemen, bideoa].
Bertsoaren ikas-irakas prozesuan jarri du begia Maddi Soroak ere. Musikenen egin ditu ikasketak eta bertso-eskoletan kantaeraren lanketa egiteko proposamena mahairatu zuen berak. Intonazioa eta entzumenari, erritmoari, eta adierazpenari loturiko aspektuak azaldu zituen Soroak mintegian, eta etorkizunerako lan-lerro izan daitezkeenak ere aipatu zituen: "bertso-eskoletarako programazioa sortzea eta epai-irizpideetan parametro horiek ere txertatzea". Bertsolariaren formazioan, bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia-arloak lanari esker, Donostiako Orfeoia-Musikene Saria eskuratu berri du Soroak [hemen, bideoa].
Helduleku sozialagoa dutenak
Ines Huartek eta Leire Amenabarrek aurkeztu zuten Mintzolak Laboa Katedrarekin egindako deialdian saria eskuratu duen eta taldean - Ana Villanueva, Ane Bengoetxea eta Miren Aiertza kideekin - garatzen ari diren ikerlana: Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea. 26 bertsolariri eta 24 bertsozaleri sei galdera irekiko galdetegia egin zaie, eta hortik ateratako ondorioetatik abiatu dute marko teorikoa. Ikerketarekin dituzten helburuak azaldu eta etorkizuneko erronkak ere bistaratu zituzten: "Aniztasuna oholtzara ekartzea bertsolaritzan, bertsolaritza hegemonikoarekin apurtzeko" eta beste komunitate batzuk ere erdigunera ekartzea, bertsolaritza bere egin dezaten [hemen, bideoa].
Zaintzaren ekonomia eta euskal kultur sorkuntza parez pare jarri ditu Maialen Akizuk, antzekotasun asko ikusi baitizkio bati eta besteari. Zaila da bateko zein besteko jarduerak orduetan neurtzea, adibidez. Besteak beste, ikerketarako elkarrizketatu dituenen artean kontziliazioaren gaia urratu duela aipatu du. Horretan, esate baterako, gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean desorekak badaudela azaldu du Akizuk, eta estrategiak egon badaudela, baina "estrategia indibidualak" direla [hemen, bideoa]. Bere lanak jaso du aurten Mintzolak eta Laboa Katedrak banatutako beste proiektu saria.
Ikerketa kontratua Kepa Matxainek eskuratu du aurten, eta iaz lortutako proiektu sariari esker ondutako ikerlanari eman ahal izango dio jarraipena hartara. "Noiz sortzen du bertsoak kode propioekin mundu propio bat?" eta galdera horri erantzunda, horretan distortsioa eragiten duten bi fenomeno aztertu ditu: kanpo homologazioa eta txapelketak. Iazko Mintzola Mintegian ere aurreratu zuen bere ikerlana, eta hementxe orduko bere hitzak.
GRAL Sariaren banaketa ere gauzatu zen saio horretan. Horren eta mintegiaren inguruko informazio gehiago www.mintzola.eus atarian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24