Bat ez, hiru 2020-12-21
Urte amaierak izan du gazitik bertsozalearentzat, txapelketen zikloa atzeratuko dela iragarrita, baina badu gozotik ere: 2021ean hiru Bertso Egun antolatuko direla iragarri berri du Bertsozale Elkarteak.
Bertso plaza hauspotzen jarriko du indarra datozen hilabeteetan elkarteak, eta jomuga horrekin antolatu dira hiru Bertso Egunak: urtarrilaren 30ean egingo da lehena Hazparneko Mendeala gelan (Lapurdi); otsailaren 13an, Iruñeko Gayarre antzokian (Nafarroa); eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa). 18:00etan izango dira saio guztiak, eta sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.
Pandemia aroak ere ekarri du berrikuntzarik: ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz, bertatik bertara jarraitu ahal izango dira emanaldiak, baina baita Internetez ere, www.bertsoa.eus atariaren bidez.
Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira, beraz, adi www.bertsosarrerak.eus atarian txartela aukeratzerakoan: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta 5 Internetekoak. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek merkeago izango dituzte.
Bertsozale Elkarteak aurreratu duenez, Bertso Egunetatik harago ekimen gehiago ere antolatuko dira, eta urte berriak aurrera egin ahala iragarriko dira; tartean izango dira udaberritik egin diren eta sormenerako eta esperimentaziorako sortutako Bidaiak.
Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker jaso ohi ditu Bertsozale Elkarteak bertso saioen inguruko datuak. Horien arabera, 700 saio galdu dira 2019tik, eta horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du berekin.
Saio mota batzuk kaltetuagoak izan dira; izan ere, “segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek”. Otorduetan egiten diren edota kalean zaleengandik hurbil egiten diren lagunarteko eta libreko saioen kasua izan da hori: %58 eta %86 bertan behera geratu dira.
Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du, “zailtasun guztien gainetik ekitaldiak gauzatzeko ekina eta eginahala handia izan delako”.
Urtarrilak 30. Hazparneko Mendeala gela. 18:00.
Bertsolariak: Amets Arzallus, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Sustrai Colina
Gai-jartzailea: Aimar Karrika
Otsailak 13. Iruñeko Gayarre antzokia. 18:00.
Bertsolariak: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira
Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea
Martxoak 27. Getariako Balentziaga museoa. 18:00.
Bertsolariak: Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi
Gai-jartzailea: Maite Berriozabal
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24