Ahots Baten 2020 2020-12-26
20 gazte sortzaileek gozatuko dute antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan eta kontalaritzan edo literaturan murgiltzeko aukera ematen duten saio hauetaz. Gazte sortzaile ugarik eman du izena gabonetan bertan egoteko, baina neurri berriekin asko kanpoan geratu behar izan dira. "Lehen 40 gazte edo batzen ginen, eta aurten 20ra mugatu behar izan dugu. Izen ematea oso azkarra izan zen: ordu batean plaza guztiak bete ziren eta pena da jendea kanpoan geratu behar izana" azaldu digute antolatzaileek, "baina espero dugu datorren urtean aukera zabalagoa eskaini ahal izatea" gaineratu dute.
Astelehen eta asteartean, goizeko 9:30tan elkartuko dira parte hartzaileak Azpeitiko Dinamoa sormen gunean eta egun osoko egitarauak prest izango dituzte. Aurtengo edizioa berezia izango den arren, asko ikasi eta ondo aterako dela espero dute: "formatu txiki eta intentsibo izango da baina espero dugu taldea egingo dela eta gure helburuak beteko direla: sormenari dagokionez lau diziplinak batuko dituen sortzaile gazteen arteko sare bat osatzea" eta ondo pasatzea, besteak beste.
Lehen egunean, literatura eta bertsoa izango dira protagonista: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko du saioa, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarren egunean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak hartuko dute parte. Agirrezabalak Satiro bere bakarkako antzezlana eskainiko du.
Bertsolaritzari dagokionez, "3 zatitan" eskeiniko dute euren partea Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza bertsolariek. "Hasteko gure bertsolari ibilbidean garrantzitsuak izan diren momentu batzuk prestatu ditugu: egoerak, gaiak, bertsoak... eta horiei umoretik barre egin nahi diegu. Gero koplekin loturiko taller txiki bat ere emango dugu, iruditzen zaigulako kopla denentzako irisgarria den formatua dela, eta azkenik bertso saioa izango da", azaldu digu bertsolari markinarrak.
"Belaunaldi gazteagoekin parez pareko tratu bat" izan nahiko luketela aipatu digute, eta helburutzat: "gure izaera eta esperientziatik dakigun hortatik abiatu, iritziak ezagutu, berba egin eta ondo pasatu".
Datozen bi egunetan sormenaz gozatu eta ikasteko aukera ezinhobea izango dute Ahots Baten sormen topaketetan parte hartuko duten gazteek. Espero dezagun hurrengo urtean aukera zabalagoa eduki eta gazte gehiago egun gehiagotan batzeko aukera izatea berriz. Urte amaiera eta berri on!
Informazio gehiago Mintzola Ahozko Lantegiaren webgunean.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24