Koldo Mitxelena Saria 2021-01-26
Euskaltzaindiatik deitu zutenean, saria "sorpresaz baina pozik" hartu zuela aitortu digu Miren Artetxek: "Azken finean sariak badu materialetik baina baita sinbolikotik ere. Nahiz eta nire kasuan oso naturala, errezena eta gaiarekiko ere koherentea hori izan, euskaraz ikertzeak beti du bere atzean erabaki bat. Natural eta koherentea izatea ez da beti saritua den zerbait, esango nuke salbuespena dela, eta alde horretatik pozgarria".
Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak izeneko lanarekin eskuratu zuen doktoretza Artetxek 2020ko urte hasieran. Izenburuak berak zehazten duen bezala, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu lan honetan.
"Sariak saritzen duena euskaraz ongi idatzita egotea eta ekarpen terminologikoa da. Alegia, ikerketa esparru bat euskaraz garatzearen ekarpena" azaldu digu bertsolari hendaiarrak, eta hain zuzen ere, ekarpena aipatuta saria jasotzean gaztetan izandako irakasleez gogoratu zela gaineratu du: "Saria jasotzean gure kolegioko eta lizeoko irakasleetaz oroitu nintzen. Nola euskaraz ematen genituen klaseak, liburuak askotan frantsesez izanda eta nola irakasle horiek egiten zituzten itzulpen ariketak: testuak sortu, ariketak sortu, liburuan frantsesez irakurri eta ahoz euskaraz esan... Uste dut haien ekarpena bai dela beharrezkoa eta inportantea, eta haien ekarpenari esker egin zaidala natural tesia euskaraz idaztea. Beraz, alde horretatik eskertzeko ditut".
Era berean, tesiak izan duen oihartzun eta ibilbidearekin pozik agertu da Miren Artetxe: "Normalean tesi bat idaztean apal batean gelditzen da eta ez du jende askok irakurtzen. Egia esan nirea ere ez dakit zenbatek irakurriko zuten hasi eta buka, baina oihartzuna bai izan duela behintzat eta alde horretatik pozik nago. Azken batean tesia ez dugu egitea diploma bat jasotzea bakarrik, ikerketaren munduan ekarpen bat egin nahi duzu ere eta ekarpen hori ezin da egin inork ez badu horren berririk".
Etorkizunera begira, zer?
Tesian gai asko borobildu baditu ere, "hari mutur asko gelditu direla zintzilik" eta puntu horietan sakondu eta era zabalago batean ikertzea gustatuko lizaiokeela aitortu digu ikerlari hendaiarrak; adibidez, "hiztun berrien legitimizazio prozesuarenean" edota "praktika komunitarioaren ikuspuntutik, gazteen euskararen erabileraren azteketan".
"Aldi berean uste dut burua aireatu eta husteko beharra dudala. Agian beste ikerketa ildo bati heltzekoa eta generoa eta bertsolaritzaren inguruan pentsatzeari ekitekoa, adibidez. Bi ildo horiek dira azken batean bertsolaritzarekin uztartzen ditudanak, generoa eta hizkuntza, eta pentsatzen dut hor ibiliko naizela denboratxu batean. Ikertzeko gogorik ez zait falta; egia esan, nahiko dibertigarria egiten zait".
Aipagai izan dugun tesi saridunari buruz gehiago jakin nahi duenak hemen behekaldean dauka Miren Artetxe berari iaz egin genion elkarrizketa entzuteko aukera. ZORIONAK MIREN!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24